Dimanche 27 février 2011 7 27 /02 /Fév /2011 08:44

Ipuinak

Ahozko euskal literatura Garazin

 

 

Piarres Hegitoa, Pierre Duny-Pétré

 

Littérature populaire orale au pays de Garazi (province de Basse-Navarre en Pays Basque), histoires, contes, légendes, textes recueillis par Piarres Hegitoa, Pierre Duny-Pétré.

Literatura oral popular del pais de Garazi (provincia de Baja-Navarra en el Pais Vasco), cuentos, leyendas, textos recogidos por Piarres Hegitoa, Pierre Duny-Pétré.

Oral popular literature from Garazi area (Lower-Navarra province in the Basque Country), short stories, tales and legends, texts collected by Piarres Hegitoa (Pierre Duny-Pétré).

 

Aurkibidea

 

Jean-Louis Davant : nor zen Pierre Duny-Pétré

 

I- Ixtorio-mixterio edo lehengo basa-sinestiak

1- Oluntzeko basanderia

2- Salbatoreko kanderailia

3- Basa Jauna gauaz irrintzinaka

4- Basa Jauna eta otsoak

5- Basa Jaunaren hatzak

6- Oluntzeko jauregi madarikatia

7- Ezterenzubiko arima herratia

8- Eihalarreko laminen xuriketak

 

II- Lehengo irriak, lehengo etxetan

9- Gizona gizon, saski petik ere!

10- Astoa eta zerria

11- Donibaneko merkatian Garazin

12- Nafar astoen berri

13- Zantzin mentsa elizan

14- Akurako bertza

15- Etxeko karrota saltsa

16- Apezaren janketa gaitza

17- Mediku gaztia

18- Jatsuko tripota tzarra

19- Arto-ta gerezi

20- Katixima ikasi behar

21- Pettiri ttipia eta behia

22- Artzainaren semia

23- Etxeratekoan gihilka

 

III- Garazikeriak

24- Eguberri xahar bat Garazin

25- Jaun Erretoraren gasna

26- Nausi zaharraren sudur hotza

27- Nausiaren erbia

28- Ezterenzubiko zubian

29- Supazterrian Pattin artzainarekin

30- Asto handi bat, eta besterik ez!

31- Beherapeneko onjo biltzaliak

32- Gilen Zikiteroa eta mugazainak

33- Basa-arraintzaria

34- Garaziko biper gorriak

35- Pettiri Uhartekoaren balentriak

36- «Akungoan» artzeko

37- Karlixtak, sasi gudua hasi zelarik

 

Pierre Duny-Pétré-ren biografiak (Jean Haritschelhar), frantsesez eta españolez.

 

 

 

g  Zure eskuinean, aurkituko duzu zerrenda bat: "Articles récents" deitzen dena. Klik eginezazu "liste complète" gainean. Artikulu guziaren zerrenda ikusiko duzu.     

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:17

Pierre Duny-Pétré  1914-2005

Euskaltzain urgazlea 1963tik

 

 

D

ONIBANE Garazin jaio zen 1914ko apirilaren 3an. Aita, aduanako guarda Garaziko Lekunberrin, ama Donibaneko sarrailari familia batekoa, Espainako karrikan: XVIII.mendeko etxe horretan jaio zen gure Pierre.

Filosofiako ikasketak eginik, estoikoen pentsakera ikertuz bereziki, munduko bigarren gerlara joan behar izan zuen. Frantziako iparrean, Somme baiko guduka handian presoner hartu zuen lurreko aleman armadak, eta beraz Alemaniara eraman. Handik ihes egitera saiatu zen bost bider, debaldetan, baita seigarrenean aske joaitea erdietsi zuen, 1942ko ekainean. Gertakizun horien berri xeheak ematen ditu publikatu gabe dagoen liburu autobiografiko txiki batean, frantsesez: “Quelques Basques dans la tourmente, 1939-1945”.

Gurasoak Congo-Brazzavillen zituen : han aita Estatuko funtzionarien zerrendatik kendu zuen Vichy-ko gobernuak, erresistentziaren aldekoa izatea gatik.

Franziako hegoaldea ez baitzen oraino alemanez okupatua (1942ko azaroaren 11an hartuko zuten), hara pasa zen Pierre eta Marseillan «Armée secrète» delako armadan isilean sartu. Eki-hegoaldeko atalaren buru zen Jean Pétré, Pierreren osaba, eta horren beso eskuina izan zen Pierre gaztea. Gestapo sonatuak osaba atxilotu zuen eta Buchenwald-eko kontzentrazio-esparrura bidali. Pierrek aurrera ekin zuen makian, sekulako dominak irabaziz, nahiz ez zen hori haren helburua.

Gerlatik landa sartu zen komisario kontu Frantziako inteligentzia zerbitzu bat den DST delakoan. Hurbildik ikustatu zuen «Exodus 47» judu iheslarien itsasontziaren afera. Baina metodo batzuk ez ditu onartzen erresistentziako espiritu askatzailea saldurik dakus, bereziki agintarien artean daudelarik Vichy-tiar kolaboratzaileak eta azken orduko «erresistenteak», gainera Franco bere tronuan dagoelarik hegoaldeko erresuman. Beraz polizia arruntera pasatzen da, komisario karrera betez Frantzia behere horretako hiri ezberdinetan.

1961eko apirilean Aljerian aginteaz jabetu zelarik frantses jeneral talde bat, gobernu legitimoaren alde agertu zen Pierre, eta bere leialtasunaz eskertu zuen de Gaulle presidenteak. Aldi bat gehiago agerian daude hor gure garaztarraren sentimendu demokratiko, errepublikazaleak.

Duny-Pétré P. 1984 profil rap Pierre Duny-Pétré, 1984

Euskaldun euskaltzalea izanez, bururaino eremanen ditu. Enbatatiarra izanen da hastetik. Bere ideiak agertuko ditu bere artikulu eta beste idazkietan, baita ekintzetan. 1972an parte hartuko du Mauleko Aberri Egunean, nahiz hau debekatua duen Paueko Prefetak. Bi egunen buruan erretiroa du. Halere Pariseko barne arazoetako ministeriora deitzen du Polizia nazionaleko Zuzendari orokorrak, eta dosierean egonen zaio gaitzespen ofizial bat ematen dio, karrikako ibilaldi «separatista» batean agertzeagatik. Abertzale atipikoa agertzen zaigu horretan ere Pierre Duny-Pétré : Eugene Goyheneche historialari zenaren hitzetan, barne arazoetako ministroak sinaturik, abertzale ziurtagiria duen bakarra, edo arras bakarretakoa !

Bere ideiak frantsesezko idazkietan agertu ditu segurki. Haatik ez da horretan mugatu. Euskaraz ere idatzi du, franko nasaiki, euskal aldizkari eta kazetetan sakananaturik dauden artikuluetan, hala nola  Elgar, Eusko Gogoa, Herria, Gure Herria, Principe de Viana, Anuario de Eusko Folkloren…

Ideiez haratago ere bazoan bere ipuin eta kontakizunetan, ohitura zaharrak, leiendak, mitoak eta historia bera ere ikertuz. Harenak dira bereziki Basajaunaren istorioa, Garaziko hiri nagusian, Manexen marrakak, Garaziko solasak… Baxenabarreko haurren ipuin, joko eta erran zaharrak bildu zituen «Xirula mirula» liburuan.

Azpimarratzekoa du gainera olerkian zein sotilki zerabilen, euskaraz, Villon bezalako frantses poeta zaharren balada, bertset bakoitza «igortze» polit batez burutua errepikan.

Ezkondua, aita familiakoa, Donibane Garaziko hilarrian dago, etxekoen artean, Pierre Duny-Pétré, nafar euskaldun, euskaltzale suharra. Goian dagoela, bake handian. Gure doluminik zintzoenak eta atxikimendu gartsua familiari.

                                                                                     Jean-Louis Davant

 

Lanak

+ Piarres Hegitoaren olerkiak: http://piarreshegitoarenolerkiak.over-blog.com

+ Basa jauna ou le Seigneur sauvage dans les légendes basques, Société de Sciences Lettres et Arts de Bayonne, 1960, n° 92, 93 et 94.

+ Xirula mirula, l’enfant basque à travers ses amusements, ses terreurs naïves, ses formulettes récréatives burlesques et superstitieuses, Eusko press éditeur, Bayonne, 1996, 206 p. et Revue Anuario de Eusko folklore n° 34 de 1987 et n° 35 de 1988-1989. http://xirula-mirula-duny-petre.over-blog.fr

+ Ahozko euskal literatura Garazin, ipuinak : http://ahozko-euskal-literatura.over-blog.com

+ Quelques Basques dans la tourmente (1939-1945) : http://pierredunypetre.over-blog.com

+ Colonel Pétré-ren bizitza : http://colonel.petre.resistance.marseille.over-blog.com

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:14

I- Ixtorio-mixterio edo lehengo basa-sinestiak

 

1- Oluntze-ko basanderia

Ixtoria-mixterio,

Zaharrak ederkio,

Berriak hobekio,

Dakienak konda dio!

 

Orai diela anitz mende, uda arratsalde bero batez gure «Gilen-Mandozaina», Iruña-tik heldu zen mendiz-mendi, abarkak zangoetan, makila eskian, bidexkak harturik eta bere mandoari oihu egiten zakola:

— «Arri mandoa!... Arri hunat!... Hemen naski Garaziko herrian gituk!»

Luzaideko bidia utzirik, bazoan gaineko aldetik Donibaneri buruz, iluna gabe behar ziela etxian izan, bana bere mando zaharrak etzien laster handirik egiten ahal. Bizkitartian, Eihalarreko mendieri urbil, oihan beltz baten itzalian sartzen ari zelarik, horra nun agertu zakon atso mehe gaixo bat. Sugaiketa ari zen emazte xahar hua, adar lodi zonbait besotan ezin atxikiz. Bere mandoa bezan akitia izanik ere, Gilen joan zen berehala atsoaren ondotik.

— «Arri mandoa!... Arri hunat!... Zade Amatto, nik lagunduko zitut!»

Arte labur baten burian, egur meta gaitza bildu zien, eta mando uhal batekin estekaturik, dena ekarri atsoaren etxolarat. Gaixo emaztia xoratia zen, eta mandozainari egin zakon supazterrian talo eder bat, bere afariaren tenorian jan zezan bero-beroa. Gilenek, milesker bihotzez, goraintzi, eta agian ikus artio. Joan zen beraz aintzina gure mutikoa:

— «Arri mandoa!... Arri hunat! orai segurrik behanta diagu!»

Aspaldian gordetia zen iruzkia itsas aldeko mendien gihilian, eta lehenbiziko izarrak ageri ziren odei gorrien artetik. Gilen zabilan mendiari behera, bidia doi-doia ikusiz ilargiari esker. Azkenian, gizona eta mandoa gelditu ziren, arrunt leherrinak, Oluntzeko oihanetan, «Andere-Dena-Maria-ren iturria» orai deitzen dugun bazterrian. Hango ur goxoa edan zuten egarria eztitu artio. Gero, Gilenek kendu zazkon mandoari kakoletak, eta jan zien gogotik atsoaren taloa, ardi-gasna puska batekin. Haritz handi baten ondoan, lo egiteko toki bat atxeman eta, etzanik zagon zeruari so, ilargia bazoan, izarren erdian, artzain bat bezala bere ardiekin, Jondoni Jakoberen bidia segituz. Iturria aldiz, xurruxtaka eztiki legarretan... eta gure mutikoa arras loaletia.

Bana, uste du norbait irriz ari dela ur bazterrian. Azantzik egin gabe, lau hatzez badoa iturriaren ondorat, eta han gelditzen harritia: ilargiari esker ikusten du andereño gazte bat, dena xuriz beztitia, lanoa bezan arinago diela bere arropa. Harri xahal baten gainian jarririk, hasten da emeki urrezko orraze handi batekin, bere bilo luze guzien biltzen eta gaueko ixiltasunian kantu bitxi hau emaiten du:

«Ur begia,

Ixuria,

Etziria

Enetako mirailia?

Iruzkian ixtil handi,

Ilargian urreria!

 

Ur garbia,

Edaria,

Etziria

Enetako gazteria?

Iruzkian ixtil handi,

Ilargian urreria!

 

Ur sugia,

Bihurria

Etziria

Enetako galgarria?

Iruzkia ixtil handi,

Ilargian urreria!...»

 

Oluntzeko basandere 3

 

Olhunzen, zubi ttipiaren ondoan

 

— «Basanderia!»... erten du bere baitan mandozainak. «Zer gorputz lerdena! Zer begitarte maitagarria!... Eta zango pollit horiek dilindan urarekin josteta. Nihun ez dut ikusi nexkato gazte ederragorik. Errege baten alaba izan litake!»

Hortan, ixiltzen da Anderia eta ikaran egoiten iturriari so. Zer ote da gertatzen? Ordu berian, suge izigarri bat ateratzen da inguruka harrien artetik, eta buria goitituz Anderiaren aintzinian, ahoa idekitzen du haren ausikitzeko. Bana Gilenek, bere nafar-ganita zabalduz, jauzi bat egiten du errekaraino eta «zabla!»... sugiari lepoa mozten. Gero, boneta kenduz, agurtzen du ederki Basanderia eta galdegiten dako barka dezan otoi bere ausartzia.

— Basanderia, iturriaren gainetik jeikitzen da zut-zuta, luze-luzia eta zilarra bezan distiranta. Irri xoragarri batekin erten dako gure garaztarrari:

«Milesker bihotzetik, Gilen Mandozaina!...

Ur huntan mila urte, preso niz egona,

Lehengo menditarren azken erregina,

Oro galdurik eta zinez Euskalduna,

Nigarretan Garazi-n, maitatuz Iruña,

Geroztik eginen dut berriz ere lana,

Herritarren etxetik baztertzeko mina,

Zabaldurik argia eta zoriona!»

Berehala Anderia sartzen da urian. Errekaren legarrak biltzen ditu ahurka eta hetarik Gilenen sakelak oro betetzen. Hantik badoa mandoaren ondorat eta bizkarra perekatzen dako eztiki bere urrezko orraziarekin. Gure mutikoa, arrunt zozotia, urbiltzen da Basanderiari galdegiteko zer debru ari den. Bana, lehen urratsa egin bezan laster, horra nun suntsitzen zako nexkatoa begien aintzinetik, goizeko lanoa haiziarekin bezala.

Iruzkia jeikia zen Behorlegiko mendi xorrotxaren aldian, Gilen iratzartu zelarik. Xoriak ostoetan huxtuz eta hegal zaflaka. Ura beti xurrust eta jauzi errekari behera. Iturria han zen, bana Basandererik ez. Xutitziarekin ahatik, mandozaina ohartu zen piziak zirela ezin gehiago bere sakelak. Hetan sartu orduko eskiak, urrez beterik atxemaiten! Mirakulu hortaz ehotia, joan zen lasterka bere mando zaharraren ganat... Bana han agertu zakon mando gazte azkar bat, uhalak, xilintxak eta tresnak oro berri-berriekilan. Kakoletak aldiz, zernahi edergailuz kargatiak. Iduri zien Iruña-ko urreria eta zilarreria guziak ekarri zitiela Garazirat.

Azkenian, jin zakon gogorat, barda lokartu zela iturriaren ondoan, atso gaixoak eman taloa janez geroz. Beraz gaueko gertakariak etziren denak amentsak! Zer ontasuna! zer bozkarioa!... Urtzo bat bezan arin joan zen, gure Gilen, Donibane-Garazirat:

— «Arri mandoa! Arri hunat! Behin bederen aberatsak gituk! Baina, zer gerta ere, izan giten beti behardunen laguntzaile».

 

Nafarro-ko Garazia,

Oluntzeko iturria,

Nun ote da gordetia

Lehengo Basanderia?

 

Ezinago maitatia,

Hor dugu, handi-handia,

Kristauek izendatia:

Andere-Dena-Maria.

 

Garaziko ixtorio zahar bati esker egina.

 

2- Salbatoreko kanderailia
Garazin kondatzen den bezala

Apanizeko mendietan zoalarik artzain gazte bat urbildu zen harpe handi baten ondorat, eta so egin zien barneko alderat. Harritia egon zen ikustiarekin zernahi urreria bazela zilo hortan, eta bereziki kanderailu eder zonbait, denak lerro-lerro, bat bestia bezan distirantak.

Gure mutikoak egin zien urrats bat aintzina, noiz eta ere agertu baitzakon izigarriko Basa Jaun bat, beltz-beltza, dena ilez betia. Hunek, bere esku handiak hedatuz, hartu zien gaizo artzaina eta besapian ereman ziloaren barnerat. Basa Jaunak bahitu zien mutiko hori, eta beretzat lanian arrarazi sehi gisa. Lan guzien artetik, behar zituen nausiaren zorriak atxeman aztaparrekin eta hil. Egunak jin, egunak joan, bazen urte bat preso zela, eta asmatzen ahal den bezala, nahi zien hantik ihes egin lehen bai lehen. Bana Basa Jauna beti barrandan zagon, begiak argi eta zorrotz, harpiaren itzalpian.

Agorrilako arratsalde bero batez, hatzka ari zen, ezin gehiago, Basa Jauna, eta oihuka galdegin zien bere zorri hiltzariari jin zadin haren ganat. Hau, ohartu zen, arte baten burian, lo zurrungan ari zela Basa Jauna, taloz ase gaitza egina baitzien eguerditan. Ordian, ixil-ixila, artzainak hartu zien zazpi adarretako kanderailu handiena, eta brixtez joan kanporat.

Tirahala lasterka ari zen Salbatoreko kaperari buruz, kanderailu eder hua bizkarrian. Zorigaitzez, Basa Jauna iratzartu zen, eta joan zaluki gure mutikoaren ondotik, orroaz, alimaleko jauziak eginez iratzetan, sasi guzien gainetik, iheslaria atxeman beharrez. Hunek, hatsangatia eta leherrina Salbatoreko kapera ikusi orduko, otoitz kartsu hau erran zien:

— «Jon Doni Salbatorre, otoi begira nezazu! Ekartzen dautzut kanderailu eder hori zure ohoratzeko!»

Hantik berehala, Salbatorreko ezkila hasi zen bera joiten, Iratiko oiharzunak iratzartuz. Bat-batian, Basa Jauna gelditu zen, urrats bat gehiago ezin eginez. Zut-zuta egon zen, malda hegi baten gainian, oihuka erranez artzainari:

— «Madarikatia izan bedi ezkil zikin hori!... Eta hobe hiretzat, mutiko txar debria, bestenez lehertuko hintoan zorri bat bezala!»

Beraz, gure artzaina, Salbatoreko kaperan, sartu zen. Belaunikatu eta bere eskerrak eskaintzeko Jinkoari, kanderailia ezarri zien aldariaren ondoan. Egun ere, han ikusten ahal da, eta nehork ez lezake Salbatoreko kaperatik ereman Iratiko saindiaren hasarria piztu arazi gabe.

 

Donibane-Garazin, 1957garren urtian, Andere Gaxuxa Biscayen ahotik ikasia, eta 70 urte zitielarik.

 

Gorritiren aita

Aita, dailuarekin (J. Gorriti)


3- Basa Jauna gauaz irrintzinaka

 

Zonbait aldiz Errozateko bortietan, lanoa hedatzen da bazter guzietara negian eta udan ere. Hala gertatu zen agorrilako arratsalde batez, bi artzain mendiz-mendi ari zirelarik ardi batzu ezin bilduz. Erreka malkar batian, bakotxa bere aldapetik ibiliz, zoko-moko guziak ikertu zituzten.

Noiztenka gelditzen ziren, hea intzuten ahal zituztenez ardi joare zonbait. Bana dena debaldetan. Iruzkia apaltzen ari zen itsas aldian, eta lano herresta zonbaitek mendi mazelak estalitu zituzten.

Ordian, artzain batek eman zien zinka labur bat bere lagunari adiarazteko itzuli behar zutela etxolarat lehen bai lehen. Beraz, erreka hortarik ateratu beharrez, joan ziren gaineko alderat, bidexka baten atxemaiteko xediarekin. Hantik laster, ilun beltza hedatu zen lanoaren ondotik.

Gizagaizoak! Etzuten gehiago ikusten ahal norat zabilan. Eta biak elgarretaratu nahiz, irrintzinaka hasi ziren aldizka malda batetik besterat, noiz eta ere artzain bat ohartu baitzen izigarriko leize baten hegian zela!...

Urrats bat aintzina egin balu eroriko zen zilo ilun horren barnerat. Doi-doia gelditu zen, zangopetan alimaleko harri kozkorrak lerraraziz erroitzari behera. Eta halere irrintzina beti heldu... leiziaren aldetik, oiharzun bat bezala!...

Beste artzainari ere gauza bera gertatu baitzakon, bixtan zen gizon horiek Basa Jauna kexarazi zutela gau hortan, hunen egoitzaren ondoan ibiliz uste gabian, eta hau ere irrintzinaka hasi zela gaxtakeriak, biak erorrarazteko leiziaren barnerat. Zorionez, bakotxak bere aldetik, ihes-leku bat atxeman zien harpe zoko batian, Basa Jauna utzirik urrun bere jukutriarekin. Han, untsa gordeturik, ixil-ixila, igurikatu zuten goizargia, eta azkenian etxolarat agertu ziren, arrunt leherrinak bana makurrik gabe.

 

Ezterenzubin, 1923garren urtian, ene haur lagunen ahotik ikasia.

 

 20304402

Harpea, Ezterenzubiren ondoan (Iñako82, panoramio)

4- Basa Jauna eta otsoak

Behin batez, Antsolako artzainek utzi zuten Pettan, mutil gazte bat, Artxilondoko etxola batian bakarrik, behar zutela astotarat gasna ereman Beherobirat, eta biharamunian itzuliko zirela goizian-goizik, etxeko janari goxoekin saskietan. Beraz, gure artzain berria, iluna gabe arratseko lanak eginik, afaldu-ta lokartu zen.

Bana gau hartan, otsoak agertu ziren, eta Pettan zanpez iratzartu zen, izigarriko hurrubiak intzunez, zakurra aldiz ikaran zelarik, dena intziri, zoko batian. Iduritzen zakon, otso horiek ari zirela joka arditegiaren aintzinian, kalapita gorrian, noiz eta ere denak eztitu baitziren bat-batian. Ardi joare zonbait bezik etziren aditzen. Zergatik ixiltasun hori? Zer gertatu ote zen?

Ordian, Pettanek ideki zien borta doi-doia, eta hor berian egon harritia. Ilargiarekin ikusten ahal zien alimaleko Basa Jaun bat, beltz-beltza, hartza handi bat iduri, eta malila eskian. Bana zer makila!... gizon baten ixterra bezain lodia! Lurrian aldiz, baziren bi otso etzanak zangoz gora, hilak. Basa Jaunak, esku batez hartu zitien otsoak, buztanetik biak batian, eta airez-aire botatu bizkarrerat zahagi huts batzu bezala. Urruntzen ari zen emeki, bere otsoak dilindan, bana etxolari so eta so. Hola ohartu zen Pettan hor zela, zutzuta, beldurrarekin ikaran. Basa Jaunak, kexatia, erran zakon oihuka:

— «Hi, mutikoa, egon hadi hire tokian perestuki, edo bestenez makil ukaldi batez, kalitzen hut otso txar horiek bezala!... Beharbada artzain gazte bat hiz. Beraz, jakin zak iluna hedatzen delarik mendietan, ni nizala denen nausia, goizeko argia zabaldu artio!»

Hortan, Basa Jaunaren hasarria eztitu zen. Eta bere makila zirurikatuz, joan zen zaluki gauaren ixiltasunian. Asmatzen ahal da Pettan sartu zela brixtez etxolaren barnerat. Bana egon zen gau guzia iratzarturik, loa ezin atxemanez.

 

Ezterenzubin, 1923garren urtian, ene haur lagunen ahotik ikasia.

 

Basa Jauna 7

Basa jauna, Eiheraberri aldeko (Donibane Garazin) Errobi errekan aurkitu harri zizelkatia

(33 zent X 22 zent)

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:14

      5- Basa Jaunaren hatzak

 

Larrezkeneko arratsalde odeitsu batez, Garaziko haizkolari zonbait heldu ziren Orriuneko oihanetik, behar zutela etxian sartu iluna gabe. Bana zorigaitzez horra nun biltzen duten, haize beltzarekin, sekulako elur erauntsi bat. Bazter guziak xuritzen ari ziren eta azkenian beren bidexka galdu zuten elurraren pian.

Halere bazoazin, zanpa-zanpa, patarrari beiti, noiz eta ere gelditu baitziren harritiak, elurraren gainian ikustiarekin ikaragarriko hatzak... Iduritzen zakoten, gizon zango bat zoala, zaldi edo mando zango batekin!

— «Zer debru ibili da hemen gaindi?» oihu egin zuten denek: «Alde batetik egiazko oina, eta beste aldetik zango bat biribila!»

Eta arrunt izitiak izanez:

— «Basa Jaunaren hatzak!... Ba, bainan, zaldi hatz horiek? Ez diria ote Basa Jaun baten makilaren ziloak? Kasu, ez denez jinen gure ondotik iluna hedatu orduko!»

Hortan, ihesari lotu ziren zaluki. Lasterkaldi baten ondotik, akitiak eta etsitiak, gelditu ziren azkenian ilun-nabarrian, arras galdiak, elurtze gaixto horren erdian. Zer gerta ere, otoitz bat erran zuten kartsuki, ardiesteko Jinkoaren laguntza.

Ordu berian, horra nun intzuten dituzten ilun-zeiniak. Ezterenzubiko elizatik heldu zirenak. «Zer atsegina!» Zeruko Jaunari esker, hola jakin baitzuten, nun zen etxerateko bidia. Basa Jauna ere, ezkila sainduaren beldurrez, etzen batere agertu iluntze hortan.

Ezterenzubin, 1923garren urtian, ene haur lagunen ahotik ikasia.

 

Basa jauna burdin 2bis

Basa jauna (burdinezko gerrena atxikitzekoa, supazterrian)

 

6- Oluntzeko jauregi madarikatia

 

Donibanetik Eihalarrerat, errebidetik ibiliz, ikusten ahal da etxe handi eta zahar bat, lau dorre ttipi ditiela hegatzaren hegietan. «Oluntzeko Jauregia» deitzen da. Lur ederrak baditu aldetan, bana borda bilakatu da. Hango laborariek barrukietan egin dute beren bizitegia.

Garaztar zonbaiten arabera, jauregi hua madarikatia da, zeren eta lehenbiziko nausiak, jende tzarrak baitziren eta fede gabekoak. Zernahi itsuskeriak eginik hil ziren omen. Apezek, sekulan ezpaitzuten jauregi hori benedikatu, debru zahar batek aise egin zien bere egoitza haren barnian.

Beste herritar zonbaitek uste dute, 1789eko iraultzaren denboran, jauregi horren nausiari, Parisen, moztu zakoleta lepoa eta debozionerik gabe hil zela. Holako gertakariaren ondotik, gizon horren arima-herratia ibiltzen da, gau guziez, gela guzietan, bere buru motza eskietan atxikiz.

Geroztik, nehork ez du lo egiten ahal jauregi horren barnian. Iluna zabaltzen delarik, huntzak eta xori-sorginak hasten dira, bazter guzietan, uhurika. Hantik laster, agertzen da nausiaren arima-herratia, jo harat, ho hunat, intzirika edo nigarrez. Azkenian, debru zaharra heldu da, tarrapataka eta hasten da nun-nahi makil ukaldika, barne hortan nausi egon beharrez.

Beraz, bixtan da, jauregi hori beti hutsa dela, borta, leioak oro hetsiak. Azken gerlaren aintzinian, bazitien ohono lau dorre. Egun hiru bezik ez dira xutik egoiten, haize hegoak fundikatzen baitu teilatia urtez-urte, eta gaineko harri ederrenak aurtikitzen.

Joan den udan, mutiko eta nexkato gazte batzu sartu ziren gau batez jauregiaren sotoan, euria jeuts-anala ari zelakotz, eta behar zutela lo egin goxoki toki hortan. Bana gau erditan, iratzartu ziren bat-batian, ikaragarriko azantzarekin. Izitiak eta beren puskak nahas-mahas bildurik, joan ziren lasterka Donibaneri buruz, beste aterbe baten keta.

Orai, 1988garren urtian, Oluntzeko jauregia, arrunt aurtikia izanik, etxe berri bat egin dute haren lekian. Donibane-Garazin, 1957garren urtian, Andere Gaxuxa Biscay-en ahotik ikasia, 70 urte zitielarik.

 Oluntzeko jauregia, 1935

Oluntzeko jauregia, 1935 (Eugène eta Marie Duny, aintzinean)

 

7- Ezterenzubiko arima herratia

 

Ezterenzubiko jende zaharrenek ezagutu zuten omen, gerla handiaren aintzinian, Manex Urdazburukoa, Garaziko kontrabandixta. Zernahi zaldi, mando edo pottoka ekarzen zitien Espainiatik, mugazainen ixilik, eta horiek behin ere etzuten atxeman.

Gau batez ahatik, mendi bizkar batian, anitz denbora galdu zien pottoka zonbait ezin bilduz. Eta atsulitoki kabala horiek, argia hasi gabe, nunbait gordetu beharrez, ezarri zitien auzo baten bordaren barnian. Bana mugazainak etziren lo! Biaramunian, goizian-goizik pottokak oro hartu zituzten han berian. Ordian, auzoa jin arazita guardategirat, erran zakoten, kontrabandixta edo ez, jujearen aintzinian jaukitia izanen zela, Espainiako pottokak haren bordan atxeman zituztelakotz. Gaixo gizonaren harritzia!

Bizkitartian, Urdazburuko Manex egon zen ixil-ixila, bere mendi zokotik agertu gabe. Eta kondenatu zuten beraz auzoa Baionako auzitegian. Diruketa gaitza goberniari pagatu beharrez, leherrina lanian ari zen, giza gaizoa, goizetik arrats artio, eta gau guzia ikaran zagon otoitzetan, beti beldur preso eremanen zutela. Arrunt etsitia eta ahuldia, hi zen auzo dohakabia, jakin gabe nork ezarri zazkon pottoka madarikatu horiek bere bordan.

Geroztik, alegia jeusez, zernahi kontrabanda egin zien berriz Manexek. Bana iluntze beltz batez, Espainiako mugatik heldu zelarik, delako bordaren aintzinian gelditu zen harrita, argi gorri bat piztia baitzen barnian. Ustez eta guardak hor zirela, lasterka joan zen mendiari beiti, noiz eta ere aditu baitzien oihu ikaragarri bat, auzo zenaren botzarekin.

«Hik ezarri daztak Manex, hire pottokak!»

«Hik ezarri daztak Manex, hire pottokak!»

Arrunt asaldatia, brixtez sartu zen bere etxian, eta han egon bortak gakoturik, aste bat oso-osoa, hitz motz bat erran gabe. Hantik aintzina, ez omen zen ohian egoiten ahal. Etzan orduko, aments beltzak egiten zitien, eta bultaka zanpez iratzartzen, auzoaren oihu bera intzutiarekin:

— «Hik ezarri daztak Manex, hire pottokak!»

Ordian, ezin lokartuz, leiotik so egiten zien mendi alderat eta han, bordako iratzetan, beti argi bat ikusten, ifernukoa bezan gorria gau beltzian.

Larrazken goiz batez, haize hegoa orroaz hasi zen Ibañetako lepoan, eta bortuko artalde guziek aterbe bat atxeman zuten ipar aldeko erreketan. Han, Ortzantzurietako arranoen inguru-minguriez oharturik, artzainek aurkitu zuten, leize baten ziloan, Urdazburuko Manexen gorputza, dena xehatia, eta jadanik usteldia.

Itsuskeriak eginik,

Ez da bizitze goxorik,

Ez eta hiltze garbirik.

 

Gorriti lamina 2

Mamuño ( J. Gorriti) 


8- Eihalarreko laminen xuriketak

 

Eihalarren gaindi, Ezterenzubiko bidia badoa errekaren bazterretik, eta han berian sartzen da doi-doia bi mendien artetik, beherian utzirik Errobia marrumaz. Hemengo herritarrek, Zuziñate deitzen dute erroitz ilun hori. Bai eta ere, denek badakite hor dela Akelarria. Leku hortan, omen, Garaziko Sorginak eta Laminak ere biltzen ziren gauerditan, lehengo sinesten arabera.

Astelehen gau batez, Ezterenzubiko Manez-Handia heldu zen oinez Donibaneko merkatutik, ostatietan untsa edanik. Zuziñateri buruz zabilan gustian, ilargiari esker, bana hango mendiek itzal izigarri bat hedatzen zuten ateka beltz hortarat. Beraz gure gizona emeki ari zen, bidia ikusi beharrez, noiz eta ere intzun baitzitien, behereko aldetik, oihu eta irri batzu. Ixil-ixila eta lauhatzka, hurbildu zen Errobiaren errekari, bana han berian gelditu harritia, ur turrusta handi baten ondoan ikusi baitzitien Lamin ttipi txar zonbait, denak lantsu eta tirahala kalakan. Bakotxak, harri xabal baten aintzinian, kokorikaturik, «xifli-xafla, xifli-xafla!»... bokata egiten zuten oihalak jo eta jo. Eta zer oihal ederrak! Elurra bezan xuriak!...

Hor zagon, gaizo Manez-Handia, erroitzaren hegian, beldurrez ikaran. Zer gertatuko zen Laminak ohartzen balin baziren norbaitek so egiten zakotela? Gogoetan egonik Jinkoak daki zonbat denbora, joan zen berriz aintzina etxiari buruz, eta alegia jeusez agurtu zitien laminak, herritarrak izan balizte bezala: «Ari ziztia polliki?» Bana ele horiek orduko, haize hego zirimola bezan arin, Lamin guziak joan ziren orroaz, mendiari goiti, eta han denak suntsitu, gure gizona arrunt izitia utzirik.

Manez-Handiak etzien biziki maite gertakari horren salatzia, ustez eta lagunak irriz karkailan hasiko zirela, erranez delako gau hortan mozkorra arraildia zela!

 

Lamina Montorin 2

Lamina, supazterrien ondoan (Montorin)

 

II- Lehengo irriak lehengo etxetan

 

9- Gizona gizon, saski petik ere!

 

Diela aspaldi, bazen Ezterenzubin etxekandere azkar bat, biziki baliosa. Barneko eta kanpoko lanak oro egiten zitien, ezkondia baitzen, zorigaitzez, gizon ttipi txar batekin. Gizon hua, beti akitia izanik, ustez eta eri zela, etzien ohia uzten ahal intzirika hasi gabe:

— «Ai-ei, Jinko maitia!... Nun ote dut min goiz huntan?»

Aste lehen eder batez ahatik, joan zen astoz Garaziko merkaturat bere emaztiarekin. Hunek, ahalgetia, gordetu zien senarra saski handi baten barnian, eta hor ahantzi!...

Arratsaldian aldiz, bere mozkinak untsa saldurik, etxekanderia itzuli zen Ezterenzubirat, gizona beti lo zurrungan ari zelarik.

Bana, iluna hedatu zen, eta zoko beltz batetik ateratu ziren bizpahiru gaixtagin, dena oihu, dena mehatxu, emaztiaren sosak bildu nahiz. Ordu berian, senarra zanpez iratzartu zen, eta ikaragarriko gizon botz azkar batekin orroaz hasi:

— «Zatozte hunat, urde zikin debriak!... Zatozte ene aintzinerat, eta makila hunekin porroskatuko dantziet muturra, edo sispa huntaz tripa zilatuko!...»

Berehala, ohoinek izitiak, hustu zituzten lekiak lasterka, ustez eta gizon alimaleko bat hor zela emaztiarekin, nafar-astoaren gainian. Beraz, makurrik gabe, gure bikotia joan zen goxoki etxiari buruz. Eta etxekanderiak, xoratia, oihu egin zakon senarrari, irriño batekin:

«Gizona gizon, saski petik ere!»

 

Estérençuby 1 Picabéa

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:12

      10- Astoa eta zerria

 

Egun guziez, Eihalarren gaindi, asto bat zabilan beti kargatia, akitia, mehatia eta leherrina. Haren ondotik bere nausia ari zen makil ukaldika.

— «Arri astoa! Ernatuko hiza, debrien asto-pulloa!» (1)

Egun guziez ere, zerri gizen bat, ase ta lo zagon, bide bazterreko errekan bere tripa handia lohian zabaldurik. Begi bat doi-doia idekiz, asto gaixo hua ikusi zien ibiltzen ttaka-ttaka, buria apalduz eta alimaleko zama bat bizkarrian. Ordian erran zakon, irri maltzur batekin:

— «To, untsa nahia hiz hola izaitiaz. Hor hago beti lanian, kasik jan gabe, eta nausia beti zanpaka hire gihiletik. Ezduka uzten ahal bizi molde tzar hori? So izak, zoin untsa nizan, jeusik ez egiten eta tripa beti betia. Etxekanderiak emaiten datak nahi dutan bezanbat arto, ezkur, gaztain eta hemengo janari hoberenak. Zer irabazten duk hola ibiliz, zinezko astoa?»

Astoa, bere beharri luziak apalduz, gogoetan zagon. Azkenian, hola mintzatu zen, makil ukaldi baten ondotik:

— «Hik, zernahi erranik ere, nahiago diat ene izaitia hiria bano. Sarri kakoletak ezkaratzian utzirik, ibiliko nuk nahi dutan lekian: pentzetan edo larretan. Astelehenetan aldiz, joaiten nuk Donibane-Garaziko merkaturat etxekandere gaztiarekin. Han, zer kalapitak eta zer irriak egiten dituztan beste asto guziekin! Maiatzaren lehenian iganen nuk borturat, hemengo artalde zonbaitekin, ”Manez arzaina” gidari. Zer eztitasuna hango mendietan! Zer atsegina gain hartan hemengo kezketarik urrun. Habil ene bidetik gaizo urde lohiz betia! Azken agur baten ordez, horra hiretzat, asto baten zuhur-hitz hau:

Sobera gantzadun balinbahiz ageri,

kasumak barruraren biharamunari» (2)

(1) Garaziko etxe anitzetan, «Pullo» zuten astoaren izen-goitia.

(2) Lehengo ohiduren arabera, gure herritarrek, xerri gizena hil nahi zuten bezperan, uzten zuten egun oso bat janaririk gabe.

 

Jendeak, orga, Picabea

 

11- Donibaneko merkatian Garazin

 

 Astelehen batez, goizian goizik. Ezterenzubiko Eñaut bazoan Donibane-Garaziko merkaturat xerri batzuekin, noiz eta ere Eihalarreko Pettanek oihu egin baitzakon bide bazterretik:

— «Heldu hiza Eñaut? Eta zonbat heldu zizte?»

Eñautek berehala:

— «To, egia erteko, batere ez dakiat, zeren eta etxetik ateratzian, auzoek emaiten baitauzkute bat edo biga saltzeko. Eta hi bezelako batekin, ene ustez, bost izanen gituk!»

Beste astelehen batez, gure Eñaut ari zen merkaturat, nafar-asto eder baten gainian. Pettanek, irriz karkailian, erran zakon:

— «Hori ahatik Eñaut, hi bano handiagoa atxeman duk naski!»

Eta Eñautek:

— «Hala atxeman diat ba, bana ez hi bezan handia!»

Donibaneko merkaturat etorri orduko, astoa hasi zen jauzika eta zalapartaka, beharbada uli gaxto batek ipurdia xixtatzen baitzakon. Hortan, kaskoin baxera saltzale baten untziak oro porroskatu zitien: azitak, basoak, goporrak, pegarrak eta pizuntziak ere, izigarriko kalapitan. Astoa putarka, Eñaut oihuka, kaskoina garrasiaka... Azkenian, erranak erranik, ertekoak erteko, denak gelditu ziren. Ba, bana, Eñautek jeusik ez pagatu nahi saltzale gaizoari!

Hantik landa, Donapaleuko auzitegian biak agertu ziren, eta han Eñautek erran zakon jaun jujiari:

«Errazu jauna, zure barkamendiarekin, ezar dezagun: ni ulia eta zu astoa. Nik xixtatzen eta zuk baxera hausten. Nor litake hobendun?»

Jaun jujiak omen, ez du ohono ihardetsi.

 

 37 Merkatua Donibane Garazin 1

 

12- Nafar-astoen berri

 

Xuberotarrek, beste Euskaldunak deitzen dituzte «Manexak». Eta lehen, nunbait aurkitzen zirelarik delako «Manex» batekin, elgar trufatzen ziren. Behin batez, Donapaleuko feiriaren ondotik, Xuberoko xamar labur bat pipatzen ari zen goxoki hango zubiaren gainian. Ixtant baten burian, agertzen zako Garaztar xamar luze bat.

«Agur!…» eta gero artzen dira eleketa, Xuberotarrak galdeginik nungoa zen, eta bestiak Eihalartarra zela.

— «Zernahi asto badituzie omen, Eihalarren. Zertako hanbeste?» galdegiten du Xuberotarrak. Garaztarrak ordian:

— «Biziki lan baliosak egiten dauzkigute gure mendietan, eta bereziki ”Nafar-asto” deitzen ditugun horiek, mandoak bezan azkarrak direlakotz. Hala nola, astelehen guziek etxekanderiak joaiten dira, astoz, Donibane-Garaziko merkaturat beren oilasko, arroltze, gasna edo baratzekerien saltzerat. Gure mutikoek frangotan saltzen dute astotara bat egur Donibane karriketeko etxetan. Udan aldiz, igortzen ditugu asto horiek herriko artaldekin borturat, eta menditik jeusten dira noiztenka gasnez edo ardi ungarriez kargatiak».

Hortan, Xuberotarrak, alegia xehetasun gehiago jakin nahiz:

— «Bana, asto horiek, etxian behar dituzielarik, nola biltzen dituzie mendietan balinbadira?»

Gure Garaztarrak berehala:

— «Aski dugu Eihalarretik huxtu bat egitia, eta arte labur baten burian, gure astoak heldu dira, tirahala lasterka mendiari beiti».

Xuberotarrak harritia:

— «Ba ote? Beraz zien huxtu hori biziki urrun heltzen da. Nahi nuke segurki intzun holako huxtu bat».

Garaztarrak ez jakinik xuxenki zer egin, hats handi hartzen du eta indarka hasten... Bana uste gabian botatzen du izigarriko uzker bat!

Eta Xuberotarrak, irriz karkailan:

— «Zer? Hola huxtuz ari baizizte Eihalarren?»

Garaztarrak, ezti eztia:

— «Ba, gizona, asto bat zu bezan urbil dugularik?»

 

Haurrak astoaren gainean kolorez


13- Zantzin mentsa elizan

 

Lehengo Euskal Herrian, jende mentsak etzituzten beti igortzen erhotegietarat. Baziren hola mutiko edo nexkato gaizo batzu, herritarrekin bizi zirenak gustian. Bai eta ere lanian ari ziren etxetan, ahal bezan untsa. Merkatietan, bestetan edo elizan ere agertzen ziren, eta jendiak jostatzen heiekilan. Egia erteko, artetan, ateraldi edo zirto irri egingarriak botatzen zituzten, mentsak izanikan ere. Hola sortu zen beharbada kondaira bitxi hau.

Pazkoko igande batez, Orbaizetako Zantzin mentsa joan zen elizarat, bere gazte lagunekin, mezaren intzuteko galerien kasko-kaskoan, ixil-ixila, amak erran bezala. Ebanjelioaren ondotik, jaun apezak hasi zien bere predikia, aipatuz nola jo, zauritu eta hil arazi zuten Jesu-Krixto maitia. Beraz, ari zen kartsuki, urte guziez bezala, xehetasunak emanez:

— «Orthutsik badoa, Jesu-Krixto, mendiari goiti, alimaleko kurutze pizu bat bizkarrian, akitia, ahuldia, odolez eta izerdiz bustia. Erortzen delarik, zanpatzen dute!»

Betiereko ele horiek intzun orduko, gure Zantzin mentsa jeikitzen da bere lagunen artetik, oihuka erranez:

— «Ederki!»

Jaun Erretorak, bere predikia segituz:

— «Xuti arazten dute Jesu-Krixto ostikoka, makil ukaldika».

Eta Zantzin mentsak ohono:

— «Ederki! Hola hobeki!»

Jaun Erretorak berriz:

— «Kurutziaren gainian itzatzen dute, eta azkenian, sispa ukaldi batez bihotza zilatzen dakote»...

Zantzin mentsak debriak hartia:

— «Ederki koño!... Untsa merexi ditu araiz zigor eta gaztigoak Jesus horrek, urte guziez, Pazkoko denboran gauza bera gertatzen baitzako... Dagola etxian eta ez dute hilen!»

Hortan, gazte lagunak irriz utzirik, Zantzin mentsa hasarre gorrian, joan zen kanporat eskalerreri beiti, sekulako azantzetan.

 

Orbaizeta 3


14- Akurako bertza

Lehengo ofizialen artian, bertzkinek bazuten errekesta handia, zeren eta etxe guzietan baliatzen baitziren bertzak sukaldeko lanen egiteko, eta bereziki zerri hiltze sasoinian. Ahatik, ez zuten, usu, jenderi, bertz berririk saltzen, bana antolatzen zituzten polliki, untzi zaharrak zilatzen zirelarik. Aldiz, jende behardunek, sos asko etzutelakotz holako untzi baten erosteko, aski zuten galdegitia bertz bat ofiziale horri. Hunek untzia prestatzen zien diru poxi baten kontra, lanak bururatu artio. Ohidura zahar horren gatik, untzi hori deitzen zuten: «akurako bertza».

Behin batez, Donibane-Garaziko bertzkinak akuratu zien bertz bat buhame gaizo bati. Bana hunek, egunak jin, egunak joan, jeusik etzien pagatu eta bertza ez itzuli. Azkenian, gure bertzkina samurtu zen, eta gizon hua jankitu Donapaleuko auzitegiaren aintzinian. Han, buhamiak, besoa altxatuz, zin egin zien, etziela ezagutzen bertzkin hori, eta sekulan ikusi ere! Jaun jujiak beraz, frogarik gabe ezin jakinez nun zen egia, utzi zien buhamia libro.

Auzitegitik ateratzian ahatik, gaizo bertzkinak oihu egin zakon buhamiari:

— «Hik, aldi huntan segurik, galdu duk zerua!...»

Ordian bestiak, irriz:

— «Bai, eta hik bertza!»

 

Groupe de Bohémiens, Donibane Garazi, 1890, Pedro Garmendi

Donibane Garazin, 1890, 12 x 17 zent. (Pedro Garmendia)

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires

Présentation

Créer un Blog

Recherche

Calendrier

Février 2012
L M M J V S D
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29        
<< < > >>
Créer un blog gratuit sur over-blog.com - Contact - C.G.U. - Rémunération en droits d'auteur - Signaler un abus