Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:11

15- Etxeko karrota saltsa

 

Jende biziki xuhurrak ziren Mehetegikoak, bana untsa ikasiak eta gisakoak iduri. Etxian bazuten beti zerbait jateko, bero-beroa, tenore guzietan, supazter ondoan. Eñaut, hango mutila, jakin beharrez errotik zer ote zen sorginkeri hori, egun batez goizian-goizik sartu zen ixilka sukaldian. Bazterrak oro itzuli zitien, zoko-moko guziak ikertu, bana gopor tzar bat bezik etzien atxeman, beltz-beltza supazterrian. Neskatoa heldu baitzen baratzetik, Eñautek galdegin zakon:

— «Eraxu Kattalin, erraxu-ta, zendako uzten duxu beti suiaren aintzinian lurrezko gopor tzar hori? Zer debru duxu horren barnian?»

Eta neskatoak berehala salatu zakon ahapetik:

— «Hor badixit ”etxeko karrota saltsa”, orai baita hamar egun egina dutala, nor jin ere, eta zer gerta ere!»

 

38 Merkatua Donibane Garazin 2


16- Apezaren janketa gaitza

 

Lehengo menditarrak etziren omen egun guziez asetzen. Nafarroko herri batian, goizetik gelariak galdegiten dako Jaun Erretorari:

— «Errazu Jaun erretora, saldaren egiten ari nuzu, eta ezarri behar duta haragi pxiño bat dupinaren barnian, bazkariaren dako?»

Jaun Erretorak, bere otoitz-liburia utzirik, soako bat egutegiari egin eta, Gelariari erten dako:

— «Egun, Fermina, jan behar dixigu xerri beharriaren laurdenaren laurdena.»

Ordian, Gelariak harritia:

— «Zer? Urdankitik hanbeste?... Ez nizin uste herriko besta giniela!»

Eta Jaun Erretorak, irriño goxo batekin hortzetan:

— «Bai Fermina, ohartu nuxu egun Asteartihaute dela! Eta bihar garizuma haste!... »

 

 Donibane Garaziko ithurria 2


17- Mediku gaztia

 

Ardura mundu huntan gertatzen den bezala, bazen Behorlegin, artzain seme bat. Mutiko hua, biziki argidun izanik, igorri zuten ikastegi handietarat, eta hantik ateratu zen mediku. Ordian, Garaziko mendi xoko hortan, zer espantiak gure artzainaren etxian!

Hantik laster, bere lanetik bizi beharrez, sendakin gazte hua joan zen Pariserat, ustez eta han bilduko ziela errexki untasun eder bat. Bana hiri nagusi hortan etzen batere ezagutia. Jakitate anitz ukanikan ere, eta jin berri bat izanez, zer eginen zien hango mediku famatien artian? Egia erteko, jaun paristar horientzat etzena betiko egonen artzain euskaldun baten seme txar bat?

Arrunt etsitia zen gaizo mutikoa, sos guti irabaziz, noiz eta ere intzun baitzien erregiaren alaba eri zela... Arrain hexur gaixto bat bere zintzurrian gelditu zen, eta nehork etzakon bota arazten ahal. Alta Pariseko mediku aipatienak deitu zituzten andere horren sendatzeko, bana beti debaldetan. Azkenian, zakutik edo zorrotik, kinka tzar hortarik ateratu beharrez, erregiak jin arazi zien, jauregirat, gure mediku gaztia. Hau, ez jakinez xuxenki zer egin, egon zen zut-zuta gelaren erdian eta erran zakon nexkato eriari:

— «Araiz badakizu, anderia, artzain baten semia nizala eta ikasi dutala sendagintza Garaziko uniberzitate nausian! Beraz salatu, behar dautzut ardi kakarekin bezik etzitutala artatuko. Hea, idekazu ahoa zabal-zabala eta oihu egin zazu enekilan: «Mee, Mee!... Ardi kaka mehe!...»

Mintzaldi bitxi hori intzun orduko, erregiaren alaba hasi zen irriz karkailan, eta azkenian, eztul aldi izigarri baten ondotik, botatu zien arrain hexur madarikatu hua. Hortan, mediku gaztia besarkatuz, joan zen erregiaren ikusterat, erranez behar ziela ezkondu holako gizon jostakin eta jakintsun batekin. Erregiak, xoratia, hunartu zien bere alabaren galdia.

Hantik laster, handizki egin zituzten ezteiak, bazter guziak harrotuz, eta sekulako azantzetan, Behorlegitik Pariseraino herri guzia harritia zelarik! Uste duzien bezala, zernahi untasun edo zorion ukan zituzten geroztik. Eta untsa bizi izan balinbaziren, arabera hartarat hil ziren.

 

 Astoa gizon Picabéa

18- Jatsuko tripota tzarra

 

Garaztar gehienek bezala, Jatsiarrek hiltzen zuten xerria Eguberritik landa. Eta «Tarrapatainia» deitzen zuten etxe batian, beti lehenak ziren, xerri lan guzien bururatzeko. Hau zuten, egun guzietako errepika edo leloa:

«Lan eta lan,

Zalapartan,

Mekanikan,

Tarrapatan.»

Alta, Tarrapataineko lehen auzoak, aspaldi danik ikasi zien, bere kaltetan, etxe hartako tripotek jeusik etzutela balio: dena tipul eta gatza zirelakotz! Beraz, negu guziez, ohiduraren gatik, hango tripota ukan orduko, uzten zien dilindan, bazterturik. Eta gero, lehen bai lehen, beste etxe batetarat igortzen bere «xerriki-partiarekin».

Ba, bana etxe hartan ere ikasi baitzuten, odolki hua etzela huna, batere jan gabe sakatzen zuten aintzina beste auzo bati. Azkenian urtiak jin-urtiak joan, Jatsuko etxekandere guziek ezagutu zuten, arras untsa nolakoa zen Tarrapataineko tripota. Eta geroztik, igortzen zuten, gisa berian, beren auzorat. Behin batez, odolki madarikatu horrek egin zien, etxez-etxe, herriaren itzulia, eta hola Tarrapatainerat berriz agertu. Han bederen, jan zuten gogotik omen, eta batere ohartu gabe, etxekoa zutela!

Hala nola, pilotariek bezala, Tarrapatainekoek, beren tripotarekin sakatu zuten botia, ukan errefera, eta uste gabian kintzia irabazi alaintso!

 

 Estérençuby 4 Picabéa


19- Arto-ta gerezi

 

Ortzegunetan, goizian-goizik, Izpurako haurrak biltzen ziren elizaren ondoan katixima hasi gabe. Aldi batez, berantarekin jin ziren eta jaun apeza gogoetan zagon, jakin beharrez zer gertatzen zen. Azkenian, heldu dira lerro-lerro mutiko guziak eta apezak, bakotxari galdegiten:

— «Hik, Piarreño, zer ukan duk ote askaiteko?»

— «Nik Jaun Erretora, talo-ta-esne.»

— «Eta hik Eñaut?»

— «Nik, Jaun Erretora, kafe-esnia ogiarekin».

Arte hortan, Gilen Ttukuttun, haur gaixo bat jin zen etxetik, lasterka, hatsangatia. Ordu berian, apezak erten dako:

— «Eta hik Ttukuttun, zer jan duk goiz huntan azkena izaiteko... xingar-ta arroltze segurretik?» Eta haurrak kexatia:

— «Ba, kaka ba jauna! Nik arto-ta gerezi !»

 

Aldude merkatia Picabéa

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:10

20- Katixima ikasi behar

 

Talo-ta esnez afaldurik, Mañex supazterrian jartzen da katiximaren ikasteko, bihar ortzeguna baita. Haren ondoan, Amattok pizten du arraxina (1) eta berehala iruten hasten. Bana laster ohartzen da haurra loaletia dela, bere buria apaltzen baitu liburia hunkitu artio sudurrarekin... Ordian, Amattok, kiloa utzirik, hartzen dako liburia eskutik eta erten:

— «Hea, erraxu, nik leitzen dutan bezala»:

— «Zoin egunez hil izan da Jesu-Kristo?»

— «Zoin egunez hil izan da Jesu-Kristo?»

— «Ortzirale sainduz».

— «Ortzirale sainduz».

— «Zoin egunez piztu da Jesu-Kristo?»

— «Zoin egunez piztu da Jesu-Kristo?»

— «Pazko egunean».

— «Pazko egunean».

— «Zoin egunez igan zen Jesu-Kristo zerurat?»

— «Zoin egunez igan zen Jesu-Kristo zerurat?»

— «Jon Doni Salbatorez».

— «Jon Doni Salbatorez».

— «Arraxina hori goiti zak!»

— «Arraxina hori goiti zak!»

— «Oi ttutta!»

— «Oi ttutta!»

Hortan, Amattok hesten du liburia eta oherat Mañex erremaiten.

Biaramunian, herriko haurrak elizan sartzen dira eta Jaun Erretorak katixima hasi gabe, erten du ikasi behar direla otoitzak arras untsa. Bestenaz hitz bat ahazten dienak, ifernurat joaiten ahal dela.

— «Ez dea hala Mañex? Hea, erraxu orai zer egin behar den, ohian sartuz geroz, eta lokartu gabe?»

— «Ori, Jaun Erretora, atorra untsa hedatu ipurdiaren azpian, amattok erran bezala!»

1) Arraxina: Lehengo sukaldetan, iluna jiten zelarik etzuten, orai bezala, elektrikako argirik pizten. Bana sutegiaren ondoan bazen burdinezko tresna bat, ezko gandela baten atxikitzeko. Zonbait aldiz, ahatik, gandela horiek eginak ziren arraxinarekin. Bai eta arraxina laster erretzen zelarik, behar zen goititu edo berriz piztu.

 

Neska ferreta 1938 Picabéa

 

  21- Pettiri ttipia eta behia

 

Pettiri, muttiko ttipiño bat zen. Fitsik etzien jaten etxian. Beti intzirika ari zen bere azitaren aintzinian, janari hau edo hua etziela maite. Hartako etzen batere handitu. Aitak eta amak, arrunt etsitiak, etzakiten zer egin haurño txar hortaz.

Egun batez, goizian-goizik, igorri zuten kanporat behien zaintzerat. Bana haize gaixto batek ekarri zitien odei beltz batzu eta euria hasi zen burrustaka.

Pettiri ttipiak zer egin zien? Lasterka joan zen aza eder baten azpian gordetzerat... Han zagon, goxoki kokorikaturik, noiz eta ere behi lodi bat urbiltzen baita. Heltzen da azaren ondo-ondorat, usnatzen du bere mutur handiarekin, eta ahoa idekiz zabal-zabala, «Krask!...» bi ahamenez dena jaten.

Nun da beraz gure Pettiri ttipia? Haren aitak xekatzen du pentzetan, alorretan, baratzetan eta zoko-moko guzietan, haurra ezin atxemanez.

Ordian oihuka hasten da:

— «Pettiri! Ho Pettiri!... Nun xira Pettiri?»

Bana erreposturik ez ukaiten, eta Pettiri ez agertzen. Azkenian, behi baten ondoan, intzuten du oihu ttipiño bat, iduriz urrunetik heldu dela.

— «Hemen nuzu aita, hemen!»

Eta aitak ikertzen du behiaren azpitik, aintzinetik, gihiletik, bana jeusik ez ikusten.

— «Nun debru sartu da mutiko txar hori?»

— «Hemen nuzu aita, hemen!»

— «Bana nun hemen?»

— «Hemen... behiaren barnian!»

Berehala, aitak, bere nabela luzia zabalduz, «Zart!» zilo handi bat egin zien behiaren tripan, eta hortik ateratu gure Pettiri ttipia, dena kakaz betia!... Orroaz nigarrez joan zen etxerat, eta han bere amak untsa garbitu... bai eta zanpatu.

Hola ikasi zien behar zela jan denetarik, laster handitzeko. Geroztik, bilakatu zen mutiko gazte azkar eta eder bat «Pettiri handia» deitzen zutena.


 Maréchal ferrant Saint Jean Picabéa

Donibane Garazin, Garat etxearen ondoan.

 

22- Artzainaren semia

 

Arrastalde batez, «Piarres artzaina» menditik jeutsi zen bere semiarekin, eta Eihalarren gaindi ibiltzian hango Jaun Erretora ikusi zuten apeztegiaren aintzinian.

— «Jinkoak dizula arratsalde hun, Jaun Erretora!» erran zakon Piarresek. Eta apezak:

— «Bai zuri ere Piarres. Nola zira? Eta ardi horiek badutea esnerik aurten? Sar zite ba, atsalaskari poxiño bat hartuko duzu enekin...»

Piarres sartzen da apezaren ondotik, bana beti itzultzen du buria, ikusteko hea bere semia jinen denez. Hau, beharbada ahalgetia, zut-zuta zagon bortaren ondoan. Azkenian, aita jartzen da mahaiaren aintzinian:

— «Baso bat arno edanen duzu ogi-ta gasnarekin», erten dako berriz Jaun Erretorak.

Artzainak, beti kanpoalderat so, iduri zien etziela intzuten ere. Apezak, bere aldetik, hartzen du ogi-ta gasna eta Piarresek gauza bera egiten. Apeza, lehenbiziko ahamena jan gabe zeinatzen da:

— «Aitaren, semiaren eta izpiritu saindiaren izenian, halabiz!» (1)

Apezak uste zien Piarresek eginen ziela kurutziaren seinalia, bana gure artzaina mututia egoiten da!

— «Zer?... ezpaitakizu zeinatzen? Hea, errazu enekin: Aitaren, semiaren...»

Bana Piarresek etzien erran nahi: «Semiaren», eta apeza beraz, kexatuz:

— «Zendako ez duzu semiaren erraiten?»

— «Zendako Jauna?... Semia hor baitut, gosiak-hila, zure bortaren gihilian!»

(1) Oraiko otoitzetan, ez dugu, lehen bezala, «halabiz» erten, bana, «amen».

Clément Haritschelharrek kondaturik, 68 urtetan Donibane Garaziko Espanako karrikan, 1957ko buruilan.

g  Pierre Duny-Pétré: Trois textes folkloriques basques de Basse-Navarre Orientale, Boletin de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del Pais - Año XV - 1er cahier-ean 1959an agertua.

 

 Artzaina Velez 197-75

1970en inguruan, Eiheralarren ondoan (Daniel Velez)

 

23- Etxeratekoan gihilka

 

Urte guziez, larrazkenian, elurraren beldurrez, menditik jeusten zen artaldiarekin Lekunberrirat Manez artzaina, mutiko handi bat, beti kantuz eta ile iruten, makila besapian, xamarra sorbaldatik dilindan.

Bortutik jeutsi-ta, etzen anitz denbora etxian egoiten. Ardiak pentze batian utzirik, bizpahiru lagun bildurik, pilotan artzen zen tirahala herriko plazan pinterdi bat arno jokatuz. Bana gero ostatian egoiten, Jinkoak daki zonbat luzaz. Kexatu zen azkenian Manezen etxekanderia. Gauerdi irian, elur erauntsi batek estali zien bide guzia. Senarraren beha zagon, emaztia, xipilatia, bidiaren bazterrian. Manez ikusi orduko, oihuka hasi zen, debriak hartia eta zernahi erranka.

Arte labur baten burian, Lekunberritar guziek, bazakiten zer kalapitak gertatzen ziren, gau guziez. Jaun Erretorak ere berri zonbait aditu zitien... Igandeko predikia hasi gabe, erasian hasten da: «eta badirela Lekunberrin gizon gazte galgarri batzu, ostatietan ibiltzen direnak destenoretan. Eta aise ikusten ahal dela zoin etxetakoak diren, eskerrak Jinkoari, elurraren gainian ageri baitira heien oinetako hatzak».

Elizako galerien kasko-kaskoan, Manez eta ostatuko lagun bat ahalgetiak ziren, ustez eta begi guziak heieri so zirela. Alegia jeusez, meza bururatu gabe, brixtez joan ziren kanporat, iduriz pixile, edo beste zerbait egin beharrez.

Ahal bezan laster, ostatian sartu ziren atsulitoki hango ostalertsarekin mintzatu beharrez:

— «Erraxu Kattalin, erraxu-ta», oihu egin zakon Manezek, «biziki kexatia iduri dixi Jaun Erretorak gure kontra. Denak badazki Jinkoak bezan untsa! Bana ni, Kattalin, ni, lagun asto hunekin, ez ohartu gau hartan elurtu ziela... eta behar nintzala, hementik ateratzian, gihilka joan etxerat! Gihilka ibiliz elurrian, ez nindixien salatuko ene oinek!»

Egia handi hori intzun zielarik, Manezen lagunak hasarrian:

— «Gihilka Kattalin?... Otoi etzazkitxula sinets artzain hunen espantiak... Mozkorra zuxun! eta ezpalinbanu besotik atxiki, etzuxun gihilka joanen etxerat, bana itzulipurdika!»


Pierre Duny-Pétré-ren aita Eugène Duny deitzen zena eta Lekunberrikoak kondaturik, 1937an. 

g  Pierre Duny-Pétré: Trois textes folkloriques basques de Basse-Navarre Orientale, Boletin de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del Pais - Año XV - 1er cahier-ean 1959an agertua.

 

Maison Duny Lecumberry 1933

 

 

 III- Garazikeriak                       

 

Hemen jakinen dituzie bost garaztar zonbaiten berriak, zeren eta beti agertzen baitziren ixtorio irri egingarri zaharretan: Pattin artzaina, Gilen zikiteroa, Jakes Turrut musikaria, Pettan begiluze mugazaina eta Pettiri Uhartekoa Amerikanoa.

 

 Ardiak route Napoléon Picabéa

Portaleburuko bidian


24- Eguberri xahar bat Garazin

 

Eguberri bezpera hartan, ikaragarriko hotza egiten zielarik mendietan, baginien ele eta kantu «Pettiri Amerikanoaren» etxian, Uharte Garazin. Han ziren jarririk, supazterrian, gure bost adixkidiak Pattin artzainak ekarri zien axurki puska eder bat. Haragi hori, gerrenian sistatia, erretzen ari zen inguruka suiaren aintzinean, urin ziliportak emeki botatuz, eta ezin ahantzizko usain bero bat zariola. Pettan begiluze, Ezterenzubiko mugazaina, jina zen eiherra-harri bezan handiko gasna gogor batekin. Gilen Zikiteroak aldiz ezarri zaukun gaintzuru bat gaztain paderan. Eta Jakes Turrut soinulariak ateratu zien bere sototik, Irulegiko arno gorri xaharra. Azen huntzeko, hango etxekanderia hasi zen berehala talo egiten.

Mus partida zonbaiten ondotik, gure lagunak pipatzen ari ziren, su handi baten aintzinian, noiz eta ere, zizeliaren erditik, Pettiri hasi baitzen bere betiereko ixtoriorekin:

— «Ameriketan nintzelarik...»

Etat gero izigarriko gezurrak sakatzen zitien, ezin sinets ahal bano handiagokoak Pattinek, aise emaiten zakon errefera:

— «Gu, artzainak, mendian girelarik, behereko jende horiek uste dute taloz ase ta beti lo girela! Nik segurrik, Salbatoreko bortu alde horietan badut aski lan, ene zaldiaren gainian, ardiak ezin bilduz. Zer zaldi baliosa! Andaluziako motakoa, Iruñako feirian erosia joan den urtian. Eta ez dut bi sosetan saltzekoa».

Hortan Gilen zikiteroak ahapetik:

— «Etzazkikala sinets, Pettiri, espantu horiek. Hunek ere, Garaziko artzain guziek bezala, asto txar bat dik zalditako!»

Azkenian, Uharteko izkil zaharrak joiten du gauerdiko mezaren deia. Gure bost lagunak, jeikitzen dira herrestan, mezarat joaiteko. Etxetik ateratu gabe, eta hotzaren beldurrez, Pattinek talo bero-bero bat hartzen du eta papoan ezartzen, zer gerta ere...

Zoin eder den, Euskal Herrian, gauerdiko meza! Elizaren barne guzia argiz betia. Urriak, zilarrak, kobriak, denak su eta pindar, jaun apeza distiranta agerarazten dutela zeru izardun baten erdian bezala. Bana Pattin artzaina, arrunt loaletia zagon galerietan jarririk. Lo zurrungan ari zen! Alta, Eguberriko kantika pollit bat emaiten zuten, ordu berian, emaztek beheretik, gizonek gainetik, Lapurdiko euskaraz:

— «Atzar gaiten, atzar lotarik,

Gau huntan da Jesus sortzen...»

Pattinen lagunek, ahalgetiak, emaiten zazkoten ostiko zonbait alkiaren azpitik, hea iratzartuko zenez azkenian. Noiztenka, idekitzen zien begi bat doi-doia, marruma batian erranez:

— «Ez nuk lo, ez!... otoitzian ari nuk». Eta berriz ere lokartzen. Bizkitartian, Uharteko Erretorak, bere predikiari loturik, oihukatzen ditu hango bekatorosak:

— «Girixtino maiteak, zuen aspaldiko bekatuek egiten dautzuete naski opil bat bihotzean. Emazkitzue otoi, aldarearen aintzinean, papoan gordetzen dituzuen opil horiek. Botazkitzue hunat, Jesusen aintzinerat!»

Hortan, gure artzaina zanpez iratzartzen da eta aharrosi handi batian:

— «Nuntik jakin du ote, gordetzen niela talo bat? Beharbada gure etxekanderiak salatu dako kofesategian! To, hortxe duk!»

Eta xamarraren azpitik ateratu eta, besainka botatzen du bere talo beroa. Airez-aire joan zen aldariaren gainetik urtzo xuri bat bezan arin.

Zorionez, nehor etzen jeusetaz ohartu, eta gau-erdiko meza bururatu zen ederki, beti bezala.

Bana biaramunian, etzen guti harritu hango giltzaina, Pattinen talo puskak aurkitziarekin aldariaren gihilian, ustez eta mirakulu bat gertatu zela Uharteko elizan!

Eguberriko taloa,

Elizan ele ta loa,

Bardako tripa jokoa,

Barka zagutzu Jinkoa!

 

Douane rue d'Espagne 1906

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:09

25- Jaun Erretoraren gasna

 

Eguberri bezperan, Donibaneko Pattin artzaina ohartu zen etziela eman ohono bere apez-paga. Beraz, ardiak utzirik Eiharaberriko pentzetan, makil berri bat eskian, joan zen gure gizona apeztegiari buruz.

Gehexina, gelari xaharrak, ideki zakon borta, erranez Jaun Erretorra etzela etxian, zernahi jende kofesatzeko baitzen elizan, bana jinen zela ixtantian. Beraz, sar arazten du Pattin sukaldian eta mahairat ekartzen arno-ta-salda.

Elkorra baitzen gaixo Gehexina, oihuka erten dako Pattinek:

— «Hauxe da salda huna etxekanderia», eta ahapetik «Nun nahi bezan beroa da».

Gehexinak loriatia:

— «Xade ixilik otoi Pattin, gatza eta biperra bezik eztixi».

Eta gure artzainak eztiki:

— «Alta, segurki, untsa ageri du!»

Gero, ogi-ta gasna ekarririk, Gehexina hasten da arnoz basoaren betetzen, emeki eta xuhurki ustez eta gure artzainak erranen dakola azkenian aski diela. Pattinek, alegia ez ikusten, ateratzen du sakelatik bere tabakoa eta gelariari erten polliki.

— «Erraxu Gehexina, xuk ene basoa bete artian, nik pipa bat piztuko dixit xure baimenarekin».

Ez dakit aditu zienez untsa gaizo Gehexinak, bana denak utzirik mahaian, joan zen gaineko leiho batetarat ikusteko hea Jaun Erretora agertzen zenez. Arte hortan, gure artzaina egon zen buruz-buru gasnarekilan...Ordian, bere nafar-ganit handia zabaldurik, sak!... pikatu zien alimaleko gasna puska bat, ogi xerra batekin jateko: «Hau gasna huna!» eta sak!... beste puska bat hartzen du berriz: «Zer gasna hauta!» sak!... jotzen du aintzina, eta bi ahamenez, erdia xahutzen...

Uroski, Gehexinak, ikusten du azkenian Jaun Erretora elizatik ateratzen, eta erten dako zer gertatzen den etxian. Berri horiek intzutiarekin, apeza samurtzen da.

— «Gaixo emaztia! Zer? Ez baitakixu mendiko Basa Jaun horiek izigarriko apetitia dutela?... Goazen lasterka sukalderat. Segur nuxu ez balinbadugu kasurik emaiten, etxe guzia janen daukula artzain horrek»... Heltzen dira ordian Pattinen ganat, ikusteko hea gasnaren erdia bederen begiratzen ahal zutenez.

Kexu ziren basterrak. Bana Pattinek, anitz konplimendu eginik, hitz eman zakon Jaun Erretorari ukanen ziela bere artaldiaren axuri ederrena. Eta ganita berriz zabaldurik, sak!... pikatu zien berriz gasna puska bat: «Hauxe da gasna huna Jaun Erretora!» Harritia zen apeza, zut-zuta sukaldiaren erdian. Ordian, erten dako artzainari: «Biziki huna duxu omen, bana kasu egin zaxu Pattin! Joan den astian, medikiak erran dataxu gasna mota hortarik sobera jaten dienak mututzen ahal dela!»

Holako berri espantagarri bat aditziarekin, jeikitzen da Pattin arrunt xoratia:

«Ba ote? Errazu Jaun Erretora, atsulutoki eman behar datazu gasna undar hori, etxerat ekar dezatan, ene emazte kalakaria ez baitut ixil arazten ahal egunaz ez gauaz».

Hortan hartzen du gasna, eta mokanes gorri batian ezartzen du, untsa estekatuz bere makilaren puntan. Eta badoa eskerrak emanez.

Nik ez dakit Pattinek zer egin zien gasna hun hartaz, bana oren laurden bat segurik egon ziren, egiazki mututiak apeza eta gelaria.

Artzaina heldu denian,

Menditik gose gaixtoan,

Sartzen bada sukaldian,

Ez utz gasna mahainian!

 

Abbé Barbier Picabéa    

 

Abbé Barbier, Donibane Garazin (Gerard Pikabearen bilduma)

 

26- Nausi zaharraren sudur hotza

 

Negia etorri orduko, Gilen, bere ofizioaz zikiteroa izanik ere, lanian ari zen «jan-truk» Haizetegiko jauregian. Jende gisakoak ziren biziki hango nausiak, bana xuhurrak bezan ergelak. Halere laketu zen leku hortan gaizo Gilen, eta batzutan erten zien bere laguneri:

— «Ez balinbadut dirurik irabazten Haizetegian, zer irriak aldiz egiten dituztan!»

Urtatsez, goizian-goizik, harri arrailtzeko horma batekin gure zikiteroa joan zen jauregiari buruz, hea urte berriaren gatik sos poxiño bat ukanen zienez ele pollit zonbait erran-eta. Bazen oren laurden bat jotzen ari zela, dena burdinez itzatia zen borta handian, ihardespenik ukan gabe. Nehor ez ageri eta, sartu zen ezkaratzian, bere boneta kendurik, oihuka erranez: «Hela!», behar den bezala. Bana beti bazterrak ixil-ixilak ziren. Azkenian, bostgarren aldikotz, «hela» eginez, azantz bat aditu zien zoko ilun batetik eta norbaitek erran zakon: «Aintzina!». Ordian, hats anitz harturik, irrintzin bat botatzeko bezala, gure Gilenek orroaz:

— «Jinkoak dautzietela urte hun bat, osagarriarekin!» Hola higitu ziren naski Haizetegikoak eta erran zakoten ordainez:

— «Bai zuri ere Gilen!... Gauza bera!... Gauza bera!»

Ele goxo horiekin aberasturik, gure mutila bazoan beraz kanpora sudurra luze, gogoa ilun, noiz eta ere jin baitzakon tarrapataka eskalerreri behera, gizon ttipi, xingortu bat. Haizetegiko nausi xaharra zen, igandetako soinekilan beztiturik. Etzen gaixtoa, bana burutik joaiten ari noiztenka. Hura bederen iduri zien xoratia zela Gilenen ikustiaz:

«To, hor hiza Gilen? Zer atsegina! Karrosa handiena hartzak berehala bi zaldiekin. Donibanerat joan behar diagu itzuli baten egiterat».

«Donibanerat orai?» galdegin zien Gilenek harritia. «Bana Jauna, izigarriko hotza baduzu kanpoan, eta sekulako bat biltzen ahal dukezu hementik ateratzian!»

Nausi xaharrak, bere tema ez utzi nahiz, Gilenek egin zien beraz erran bezala. Jarririk karrosaren aintzinian, gure zikiteroa ikaran zagon hotzarekin, zaldien uhalak ezin atxikiz, erhiak minberatiak eta matelak gorritiak. Jaun xaharra aldiz, dena kokorikatia zen karrosaren barnian, bero-beroa, kapa beltz handi baten azpian eta sudurra bakarrik agertzen zitzakola. Hantik laster, Jaunaren sudur hori ateratu zen leiotik:

— «Baxindaki Gilen zoin goxoki nizan barne huntan... Ez dixit hotz sudur punttan bezik!»

Gilenek etzakon so egin ere, bere boneta sartia beharrien gainetik, arrunt hotzak hila, elkorra eta mutia iduru. Bizkitartian karrosa Izpuran sartu zen. Hango karriketan nehor ez ageri, jende guzia supazterrian zelakotz. Bana Jaun xaharrak, berriz ateratu zien mokoa leiotik:

— «Baxindaki Gilen, zoin goxoki nizan barne huntan... Hotz ez dixit sudur punttan bezik! Sudur punttan bakarrik Gilen!»

Ordian, zanpez itzuli zen gure zikiteroa, hasarre gaitz batekin eta debria mihian:

— «Errazu, Jauna, nik alki hunen gainian bero ez dizit uzki xiloan bezik... uzki xiloan bakarrik jauna! Hortan sarrazu zure sudur hotza!»

Ez dakit zer egin zien geroztik Haizetegiko nausi xaharrak, bana etzien omen bere sudurra leiotik ateratu pidaia bururatu artio.

Perestu edo ergela,

Samurtzen bada mutila,

Ez uste egonen dela,

Ixilik hila bezala!

 Types basques de Donibane Garazi, Pedro Garmendia
Donibane Garazi, 1890 (?), Pedro Garmendia
 27- Nausiaren erbia

Egun eder batez, Haizetegiko nausi gaztia joan zen mendirat bere orgekilan. Itzain gisa hartu zen gure Gilen zikiteroa, behar zutela iratze meta bat etxerat ekarri. Arrunt bere buriaz hartia zen mutiko gazte hua. Alta etzen biziki ederra: ttipia, lodia eta biribila alderdi guzietarik. Haren ondoan, gure Gilenek iduri zien ziri bat kuia batekin birazkatia!

Mendiratekoan, nausi gantzaduna pipatzen ari zen azkarki orgen hegi batian jarririk eta zangoak dilindan, bere sehia utzirik akuliarekin behien aintzinian. Azkenian, arras eneatia, erabaki zien behar ziela gure «Gilen zikiteroaz» trufatu, eta oihu egin zakon:

— «Zer sudur gaitza duxun Gilen!... hauxe da sudur handia! Holako moko zorrotz batekin, etxinuke akulurik behar behien manatzeko!»

Samurtu gabe, gure zikiteroak ihardetsi zakon eztiki eta irri batekin hortzetan:

— «Errazu nausia, nik zu bezalako matel lodiak banitu, batere ez litake ageri ene sudur luzia!»

Etxeratekoan aldiz, orgak mukurru betiak, etzuten hitz motz bat erran. Bana horra nun aditu zituzten ihiztari zonbaiten tiroak. Hantik berehala, sasutik ateratu zen erbi alimaleko bat, odolez gorritia, eta hila erori zen bidiaren erdian. Erbi eder hua ikusi orduko, nausia badoa lasterka haren biltzerat eta gordetzen du iratziaren azpian. Bere abileziaz hantia, oihu egin zakon bere itzainari:

— «Zer erbi huna jan behar dugun Gilen!... nik bederen segurrik!»

Gilen, alegia jeusik ez ikusi, ari zen behien aitzinian: «Behia be! Haugi, haugi!» Eta karrankaz orgak ari ziren etxiari buruz. Arte labur baten burian ahatik, nausi itzainari urbildu zen, ustez etziela intzun:

— «Zer erbi huna jan behar dugun Gilen!... nik bederen segurrik!»

Bana ele azken horien erten ari zelarik, horra nun agertu ziren, sasu baten gihiletik Garaziko ihiztari hoberenak: «Pettiri Uhartekoa» eta «Jakes Turrut» soinularia. Hatsangatiak, izerdiz bustiak, eta kexatiak, galdegin zuten nausiari hea etzienez ikusi erbi bat kolpatia eta ihesari emana.

— «Ori, tiro batzu intzun ditugu orai berian» ihardetsi zien nausiak, «bana jeusik ez dugu ikusi... Ez dea hala Gilen?»

Ezti-eztia, bere behiekin «Gilen zikiteroak» etzien kasu egiten ere. Bana, nausiaren ixilik, erakutsi zakon Jakesi, akuliaren puntarekin, nun gordetia zen erbia. Ihiztariek sartu zituzten eskiak iratziaren azpian eta hantik erbia ateratu! Hasarre gorrian, lotu ziren Haizetegiko nausiari, eta joka aurtiki zuten lurreat, zahagi huts bat bezala. Gure zikiteroa irriz ari zen, eta beti behien aintzinian: «Behia be! Haugi, haugi!» Eta azkenian, nausiari so eginik:

— «Zer zanpaldi huna hartu dugun jauna!... zuk bederen segurik!»

Errautsez betia, eta bere boneta behi kakaz zikindia, xutitu zen nausi gaztia, jeusik erran gabe. Gero, buria apal, gogoa ilun, segitu zitien orgak etxeratekoan.

Zerbait untsa gordetia,

Balinbada ebatsia,

Ta jabia ohartia,

Urrun ez da zafraldia!


Merkatua 1927 Saint Jean 2 Picabéa

 

28- Ezterenzubiko zubian

 

Pettan begiluze gure Ezterenzubiko mugazaina, euskaraz ari baitzen erdaraz bezain untsa, bere Gomenantak atxikitzen zien beti zubiaren ondoan.

Eta segurki, gaizo Pettanek bazien leku hortan zer egin.

Udako egun ederretan, zernahi jende arrotz heldu ziren zubiaren gainetik, ostatu baten keta, denak berotiak, egarritiak edo gosetiak. Bai eta ere emazte uzki zabal batzu «short» delako hekilan ipurdia zein gordetuz eta zitzi guziak agerian. Oi zer bixta ederra zien ordian gure Begiluziak!. Bana kexatu zen azkenian, beti zerbait galdegiten baitzakoten: hunek mendi baten izena, horrek Espainiarako bide hoberena... Eta baso bat arno bederen, sekulan ez pagatzen!

Agorrilako goiz bero batez, zubi aldeko ostatutik ateratu zakon Paristar jin berri bat, doi-doia iratzartia:

— «Dites donc douanier, c’est curieux, je n’arrive pas à m’orienter... Où est le Nord ici?» Eta Pettanek, alegia harritia:

— «Le Nord? Quel Nord? Ici Monsieur, on est au Sud ! Vous pouvez chercher partout à Esterençuby, on n’a pas de Nord!»

Berri ikaragarri hori intzun orduko, gure arrotza gelditu zen, ahoa zabal-zabala, hitz bat ezin ateratuz. Gero, itzuli zen lasterka ostaturat, ustez eta mugazaina burutik joaiten ari zela, iruzki ukaldi baten ondotik. Eta Pettanek, beti zut-zuta bidiaren erdian, erran zien bere baitan:

— «To, hau bederen ixil arazi diat nolazpait!»

Arratsaldian aldiz, haize hegoa hasi zen orroaz, bero gaitza botatuz eta zintzur guziak idortzen zitiela. Gure mugazaina, gustian jarririk etxe baten aintzineko harri alkian, erdi lo zagon, bere buria dilindan tripari so, noiz eta ere oihu handi bat jali baitzen errekaren aldetik:

— «Pettan!... Ho Pettan!»

«Pattin Artzaina» zen, menditik heldu, abarkak oinetan eta bere Nafar-astoa gasnez kargaturik. Pettan, lo zurrungan, etzen higitu ere. Ordian, artzainak berriz:

— «Pettan! Zer tenore da otoi?»

Pettanek, sudurra goitituz, eta gaizki intzun balu bezala:

— «To, milesker mutikoa! Baso bat aski diat, gorritik... Hortxeko ostatian... Berehala heldu nuk».

Arrunt elkorra zela guarda tzar hori, erran zien ahapetik gure artzain zikoitzak. Eta azantzik gabe joan zen aintzina bere zango luzekin Donibaneri buruz. Ordian, Pettanek aharrosi handi batekin:

— «Zer debru dute egungo gizonek, nik hitz bat ateratu orduko, hola joaiteko lasterka?»

Hemen duzie ikasi

Zonbaiti zer ihardetsi

Ez dutelarik onetsi

Behar dute ahoa hetsi!...

 Esterenzubi

 

29- Supazterrian Pattin artzainarekin

 

Negu gau batez, Garaziko ostatuño batian, jende zonbait goxoki zauden supazterrian, afariaren ondotik. Zirt, zart, egiten zuten pindarrek eta garrek argitzen sutegi guzia. Bana etxekoak etziren su hartaz biziki axolatzen, zeren eta han baitzen, zizeliaren erdi-erdian, jarria kaskoin pidaiant jin berri bat, tirahala kalakan. Erran eta erran ari zen, dena espantu, aipatuz zer ikusi zien Parisen, Bordalen edo Tolosan.

Supazter xoko batian aldiz, Pattin artzaina ixil-ixila, kokorikaturik zagon, sudurra ezin berotuz. Etzen debaldetan mintzatzen gaixo Pattin, poxiño bat motela baitzen. Bana hantik berehala, arrotzaren zangoeri so egin eta, oihuka hasi zen, bere pipa ahotik ateratu gabe:

— «Su... su..., su duzu jauna!»

Frantximenta etzen higitu ere, ez utzi nahiz bere solasa. Eta eleketari eder horren aintzinian, denak zauden ahoa zabal-zabala, arrunt xoratiak. Beharbada neork etzien intzun Pattinen deia. Ixtant baten burian, ahatik, gure artzainak berriz:

— «Su... Su... Su duzu jauna!»

Oraikoan kexatia, kaskoinak bere kalakaren artetik, ihardetsi zien gogorki:

— «Ben quoi! Qu’est-ce qu’il a cet Indien? Qu’il la ferme à la fin !»

Hortan, hatsa hartu zien ohono bere hitzaldiaren segitzeko aintzina, nihuntik ezin errexituz. Eta Pattinek, samurtu gabe, beti pipa hortzetan, ezti-eztia:

— «Ka... ka... kaka dela horren! Eta azkenian be... berak erranen du!»

Arte labur baten burian, zipil urrin izigarri bat hedatu zen sukalde zoko guzietarat, kea ateratu baitzen, beltz-beltza, kaskoinaren zango batetik. Ordian bederen, gure predikaria zanpez jeiki zen supazterretik, eta berak erran zien egiazki, Pattin artzainaren ondotik:

— «Mais j’ai le feu au pantalon, nom de Dieu!»

Ihesiz joan zen kanporat lasterka, herriko iturriari buruz, zango-mainu baten hartzerat. Hola ixildu omen zen nolazpait! Bai eta ere ikasi zien, bere kaltetan, Euskaldun bat deika artzen delarik, kasu egin behar dela errepostu tzar bat eman gabe.

Lagunaren zuhur hitza,

Izanik ere bortitza,

Intzuleak onhar deza,

Zabalduz bere bihotza!

 

Groupe Donibane Garazi 1920-1934

Donibane Garazin, 1920-1934  (Pedro Garmendia)

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:08

30- Asto handi bat, eta besterik ez!

 

Agorrilako gau eder batez, Garaziko mugazainen gomenanta joan zen mendirat. Harekilan eremaiten zitien bi guarda: Pettan Begiluze eta hunen lagun bat, behar zutela egon barrandan Bentarteko lepoaren eskualdian. Beraz, lerro-lerro bazoazin oinez, eta ixil-ixilak. Mugaren ondorat etorri orduko, gordetu ziren sasu baten gihilian, noiz eta ere intzun baitzuten arrabots bitxi bat. Berehala gomenantak manatzen du bere bi guarderi:

— «Zazte aintzina ikusteko zer debru den zoko hortan!»

Pettan badoa bere lagunarekin. Bana etzen gehiago azantzik, eta jeusik etzuten atxeman. Azkenian, Pettanek oihu egin zien, behar den bezala: «Halte à la Douane!» Hala ere bazterrak oro ixilik egon ziren. Eta eztitasun goxo bat hedatzen ari zen gau bero hortan. Alta, gure Pettanek bazakien arras untsa Pattin artzainaren etxola hor zela, maldaren sahetsian. Beraz, etzen dudarik artzain madarikatu hori kontrabandan ari zela eta orai, mugazainen gatik, Frantziarat etzela sartzen ahal.

Gaizo artzaina! Egia erteko, heldu zen bere nafar-astoa zaku handi batez kargatia. Zorionez, delako «Halte à la douane» horri esker, ezagutu zien Pettan Begiluzeren botza... Bat-batian, astoaren zakia hartu zien bizkarrian eta joan zirurikan beste bidexka bat atxeman beharrez. Zoko hortarik ateratu aintzin, eman zakon astoari sekulako makil ukaldi bat ipurdian! Hau aldiz, jauzika eta tarrapataka ihesari lotu zen, eta Pettanen aintzinian agertu! Zer gertatu zen geroztik? Pettan joan zen lasterka, beste mugazainari oihu eginez:

— «Habil erraiterat gomenantari asto handi bat bezik ez dela, ta besterik ez!»

Garaziko kontrabanda,

Gauaz mendian aise da,

Mugazain bat badelarik

Zure lagunen artetik.

 

 

Gizon, neskak astoaren gainean, Picabea

 

31- Beherapeneko onjo biltzaliak

 

Larrazken goiz eder batez Gilen Zikiteroa sartu zen lasterka Jakes Turruten etxian, hango nausiak eta biek behar zutela joan berehala onjoketa Zaroko oihanerat.

— «Har ditzagun gure saski handienak, zakiak, zorroak, alfortxak eta denak!... Horiek oro beteko ditiagu».

Bana Kattalin, Jakes Turruten emaztia, urbildu zen marrumaka sukaldiaren gihiletik:

— «Zer?... Onjoketa beherapenian? Etziztea erhotzen ari bestenez?»

Ihardetsi gabe, Gilenek hartu zien besotik bere laguna erranez:

— «Goazen hementik Jakes, etxekanderia utzirik sukaldian bere beherapenarekin!»

Oren baten burian, itzuli ziren izertaldi eder batekin, bana saski guziak onjoz bete-betiak asto baten bizkarrian. Turrutesa aldiz, supazter zokoan egon zen, arrunt mututia. Eta Gilenek erran zakon irri handi batian:

— «Gohorapena izan balitz, Kattalin zer ekarriko ginien etxeat? Beharbada orgatrat! Ez dea hala Jakes? Hogoi ta hamar kilo segurrik badira. Baionan salduko ditiagu onjo eder horiek. Goazen hamar orenetako treinaren hartzerat.»

Gizagaizoak!... Etzuten behin ere treina hartu Donibane Garazin. Eta etzen guti kexatu gure Zikiteroa, garako ofizialiak galdegin zakolarik norat ari zen bere lagunarekin:

— «Debrien urdia! Etxekoeri ere ez dut erran norat ari nintzan egun. Zer uste duzu ala, zuri salatuko dutala?»

Hasarre gorrian zen Gilen. Eta gelditokian herritar guziak irriz. Bana Jakes Turrutek erran zakon ahapetik:

— «Aski dakok gezur eder bat sakatzia kaskoin tzar horri. Errakok Akizerat ari girela gure erromatismen gatik.»

Hala egin zien Gilenek, eta Akizerako billet batekin joan ziren goxoki Baionarat. Gero gure bi gizonek saldu zituzten onjo guziak hango merkatu handian. Hantik laster baskaldu ziren ostatu euskaldun batian. Arratsaldian aldiz, hiriko karriketan Jainkoak daki zonbat itzuli-mitzuli eginez, ikasi zuten arras untsa nun edaten ahal zen arnorik hoberena. Laketzen alaintso, laketzen, gure basa jaunak Baionan!... Azkenian, kantuz eta irrintzinaka joan ziren gelditokiari buruz.

Bana gihilatekoan, Donibaneko treina Kanboko herrian gelditu ta, horra nun agertzen den «kontrolurra» izigarriko kasketa batekin burian!... Eta pidaiant zonbaitek emaiten zazkoten sosak kargudun jaun horri.

— «Zer da? Hemen berriz pagatu behar?» galdegiten du gure zikiteroak.

— «Ago ixilik mutikoa» erten dako Jakes Turrutek. «Naski tronpatu gituk hemen igaitian. Beldur nuk leku karioetan jarria girela. Jeiki hadi hunat eta eginen diagu alegia kexatiak girela toki huntan izaitiaz».

Ordu berian, kontrolurraren aintzinian pasatuz, Jakesek oihuka:

— «Quel courant d’air, il y a, dans ce coin! La bronchite on va attraper! Gilen goazen hementik sekulako bat bildu gabe.»

Eta eztulka, karrankaz, lekutu ziren mokanesa eskian. Hortan, jende anitz pusaturik, zango guziak leherturik, sartu ziren, brixtez, beste karrosa batian, kontrolurra utzirik urrun.

Onjorik beherapenian,

Garazin ere badenian,

Oi zer kalapitak treinian,

Ta Baionako merkatian!

 Conseil de révision 1934
Donibane Garazin, Conseil de révision, 1934, ekainaren 12ean: St Cricq,  Pierre Duny-Pétré, Bibot "Zozo", "Ttunttun", Michel Iribarne, Etcheverry "Pilale", Michel Etchart, Durcuty, Arruntx (Donibandarrak eta Ipuratarrak).

 

32- Gilen Zikiteroa eta mugazainak

 

Ezterenzubin, bazen aste bat biga Gilen joana zela bere bordarat, zerri zonbait zikitatu beharrez. Azkenian lanak eginik, astelehen goiz batez joan zen Donibane Garaziko merkaturat bostpasei xerriekin, hea salduko zitienez oro. Ba bainan, behar zien lehenik hango zubitik ibili. Eta mugazain debru horiek hor ziren beti barrandan. Gaizo zikiteroa! Xerrien dako etzien baimenik, ez paperrik, ez jeusik.

Zorionez, bere adixkidia, Pettan Begiluze guarda, zut-zuta zagon zubiaren erdi-erdian, bere Gomenantarekin goizeko seiak izanik ere, anitz jende bazen merkaturat joan beharrak, eta guardak ari ziren karraskan, behien, ardien, xerrien edo zaldien kondatzen eta kontrolatzen. Hau orroaz, hura marrakaz, beste bat marrumaz eta guziak ostikoka, jauzika edo zalapartaka.

Oi zer kalapita!

Nunbatik pasatu beharrez, ixilki, gure zikiteroa alegia jeusez, bere xerriekilan urbildu zen emekiño Pettanen ondorat, Gomenantak ikusi gabe. Gero, asto handi batzuen gihiletik, joan arazi zitien gordeka bizpahiru zerri bederazka. Laugarrena ere beste alderat zabilan goxoki, bana hantik berehala, horra nun agertzen den Pettanen Gomenanta hasarre gorrian eta oihuka:

— «C’est la pagaille ici!... A qui sont tous ces cochons qui passent sans permis? Allez, venez par ici!»

Hortan, Gomenanta, Gilen, Pettan eta xerriak joan ziren lerro-lerro guardategiari buruz. Ikaran zagon gure zikiteroa, eta dena intziri:

— «Ai-ei, Pettan, otoi errakok zerbait hire nausiari bazterrak ezti arazteko. Segur nuk preso ezarriko nutela oraikoan eta ene xerriak hartuko!»

Egia erteko ageri zen biziki kexatia zela Gomenanta. Eta euskara ez baitzakien untsa, oihu egin zakon guardari:

— «Et alors? Qu’est-ce qu’il veut ce grand pingouin?»

Pettan begiluzek, gogoetan egonik, eta bulta baten burian:

— «Brigadier, c’est assez difficile à traduire en français. Mais il fait appel à votre indulgence, et désirerait en même temps vous offrir ses services. Bref, il se propose —sauf votre respect— de vous châtrer gratuitement quand vous voudrez!»

Azken ele horiek aditziarekin, Gomenanta erori zen kadera batian, bere irriak ezin atxikiz. Gero, erran zakon Pettani.

— «Allez, allez! Fichez-moi le camp d’ici avec vos histoires de cochons et que je ne vous revoie plus!»

Pettanen ondotik, lasterka ateratu zen gure zikiteroa, arrunt harritia:

— «Zer gertatzen da? Erhotzen ari zirezte bestenez!» Ordian Pettanek ihardetsi zakon:

— «Mutiko ttutta! Holaxe duk Frantzian deitzen duten‚ la ’diplomatie!’ To, nik ez nian uste hain untsa banakiela! Habil hementik laster merkaturat, eta gihileatekoan pinterdia pagatuko duk araiz.»

Kexatzen delarik guarda,

Ez duzulakotz baimenik,

Irriz hasten balinbada,

Joanen zira urririk!

 

 

Douanier gendarme guardia civil 1906

 

33- Basa-arraintzaria

 

Agorrilako igande arratsalde batez, eta haize hegoarekin, zer beroa Donibane Garaziko karriketan! Bana gure Gilen-Zikiteroa aspaldidanik joana zen xoko itzaltsu baten keta, Errobiaren bazterrerat (Errobia da Garaziko ibaia edo ur-handia). Beraz, Gilen, soineko tzar batzu jauntzirik eta nehork ez ikusi gabe, urian sartu zen eskumangoekin, hea arrain pollit zonbait atzemanen zitienez bere afariaren dako.

Ixil-ixila, Oluntzeko zubiaren ondoan, triparaino bustia ari zen, arrain madarikatu bat ezin bilduz, noiz eta ere: «plauf!»... harri zabal alimaleko bat norbaitek aurtiki baitzien osinaren erdi-erdirat. Ordu berian, gaineko aldetik hedatu ziren oihu ikaragarri horiek:

— «Par ici, il est là, le braconnier! Vite, vite!... Il se cache sous les branches!»

— «Segur jandarmek ikusi nutela!» erran zien bere baitan gure zikiteroak. Eta denak utzirik, ihesari lotuz, joan zen lasterka sasien azpitik basurde bat bezala. Gero lau-hazka ibiliz iratzetan, Zaroko mendixkari urbil, gordetu zen oihan hegi batian, hatsa atxeman beharrez. Hantik, hartu zien Donibaneko zitadelaren bidia. Azkenian, arrunt leherrina, lohiz betia, sartu zen Jakes Turruten etxian:

— «Ai, ei Jakes! Arrainik gabe heldu nuk! Alta banitian bi kilo segurrik... Bana jandarma debru horiek jin zaztak ondotik. Agian ez niek ezagutu!... Otoi emazkik hire etxian utzi dituztan jauntzi garbiak!»

Hortan, Gilen ixtant batez aldatu zen, eta etxetik ateratu, bonet berri bat burian, espartin xuriak oinetan. Alegia jeusez, Donibaneko plazan geldituz, pipatzen ari zen, aspaldian hor izan balitz bezala.

Hantik berehala, horra nun agertu ziren Pettan Begiluze eta Pettiri Uhartekoa:

— «Norat ari hiz hola Gilen, ezteietarat? Alaintso!... Gu bano lasterrago egin duk etxerako bidia. Bai eta hain ederki beztitzeko!... Hauxe da mutiko zalu ta ernia!»

— «Gizon sorgin urdiak!» egin zien Gilenek, «ziek zinezten beraz ur bazterrian orroaz ari?»

— «Araiz! zinezko zozoa!... To, hortxe dituk hire eskumangoak eta ere hire arrainak. Debrurik ezpaduk, sekulako afari hun bat gaur eginen diagu!»

Irriz karkailan, gure gizonak joan ziren berehala Jakesen etxerat, behar zutela igande arratsalde hori bururatu ederki.

Arraintzan zireztelarik,

Kukutuz eta ixilik,

Kasu, nunbait gordeturik,

Ez denez trufatzailerik!

 

 

 

Olhonce passerelle 2

 

Errobi, Olhunzen, zubi ttipiaren ondoan

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:05

34- Garaziko biper gorriak

 

Pilota partida eder bat bazen igande arratsalde hortan Donibane Garaziko plazan. Pettiri Amerikanoa jin zen Uhartetik lagun baten keta Jakes Turruten etxerat, eta borta ideki orduko hasi zen:

— «Zer debru ari zizte bestenez, hortik higitu gabe? Espainiako pilotari hoberenak egun ditugu Garazin!»

Jakes Turrut eta Gilen Zikiteroa, goxoki jarririk, atsalaskaria iten zuten, eta eleketa ari ziren eztiki. Bana harritu zen gaixo Pettiri eta bere pilotariak ahatzi, ikusirik nola Gilenek jaten zitien gordinik izigarriko biper gorri batzu, karraskan, gatz poxiño batekin:

— «Mutiko dohakabia, etzazkitxula jan holako biper biziak! Suia lotuko zauxu zintzurrian eta tripatik beiti ipurdiraino erreko xira!»

— «Biziak horiek?» ihardetsi zakon zikiteroak, sudurra goitituz «Kuia bezan eztiak dituxu eta ahotik ezin utziak». Krask!... ausiki zien berriz alimaleko biper gorri bat.

Bere aldetik, Jakes Turrutek erran zien, aise utziko zitiela, Euskal Herriko biper gorri guziak, etxekanderiak ekartzen bazazkon bostpasei biligarro errerik eta tomatian zikindiak...

— «Otoi ez aipa!»... oihu egin zakon gure Amerikanoak, mihia erdi ateratia. «Nik ere jan nezazke, medikiak ez banu debekatu ihizkia. Oi, zer xantza duzien osagarri eder baten ukaitiaz, urde gizon tripoiak!»

Ordian Gilenek, laugarren biperrarekin hortzetan:

— «Ziek, Garaziko xapeldunek, beti zerbait gehiago behar zindukete. Baduzie ohoria, baduzie untasuna, baduzie zernahi... Bana debria ukanik ere, arroltziak kuxkian jan beharko dituzie, «Itur-xiloko» urarekin.»

Hortan, biper gorri bat berriz buztanetik atxikiz, «Krask!» bi ahamenez iretsi zien, «Xure osagarriari, Pettiri!». Eta baso bat arnoz beterik, zankez edan zien, Amerikanoa utzirik harritia.

Agian hau ohartu zen azkenian, pilota partidarat joan behar ziela.

Biltzen ditugun biperrak,

Agertzen diren jendiak,

Eztiak edo biziak,

Ez dira arras berdinak!

 

Emazteak peharra Picabéa

 

35- Pettiri Uhartekoaren balentriak

 

Garaziko ihiztari aipatiena izanik ere, gure «Pettiri Amerikanoa» zahartzen ari zen... gazte ezin egonez! Eta akitia baitzen mendiz-mendi ibiltziaz bere zakurrarekin zangoetan, eraiki zien urtzotegi txar bat Uharteko iratzetan. Geroztik, han egoiten zen barrandan, goxoki jarririk, bere arma adar batetik dilindan, ustez eta urtzoak agertuko zirela lerro-lerro, bere sudurraren aintzinian. Ardura, xahakoa untsa perekatuz geroz, lo zurrungan zagon, gure ihiztaria, arratsalde guzia.

Iratzartzen zelarik, ilunzeiniak errepikan ari ziren Uharteko elizan, eta Pettiri gelditzen urtzorik gabe. Etxerateko bidian ahatik urtzo zonbait atxemaiten zitien, tiro bat eman gabe, ixil-ixila sartzen baitzen Kaskoin ihizki saltzale baten etxian, bere baitan erranez:

— «Kaskoin jin berri hunek ezpaitaki nor nizan, nehork ez du jakinen erosten dituztala ene urtzoak».

Giza gaizoa! Etzakien Kaskoin baten mihiari behar zela kasu egin suiari bezala. Aspaldi danik ohartiak ziren Garaztarrak Pettiriren balentriaz. Eta zer irriak egiten zituzten Donibaneko «sasupeko xoriak». Hola deitzen dira karrikatar zonbait, gordetzen direlarik leioen gihilian, ikusteko zer gertatzen den kanpoan.

Bizkitartian, ihautiri goiz eder batez, Eihalarreko gaztek sekulako Santibate bat muntatu zuten gure ihiztariaz trufatu beharrez. Bildu zituzten, soinulari batekin, jantzari hoberenak: bolantak, sigantiak, basanderiak, bai eta ere atxeman zuten koblakari bat alaintso! Jauzika eta irrintzinaka joan ziren Uharteri buruz, eta debriak hartiak, urbildu, xuxen-xuxena, Pettiriren etxeraino.

Lo zagon gure Amerikanoa, bana zanpez iratzartu zen ustez eta Uharteko bestak zirela. Leio bat ideki zien doi-doia, eta hor egon harritia, koblakaria hasi baitzen kantuz, pertsu pollitak emanez, erdi kaskoin eta erdi euskaldun, Pettiriren ihizkia bezala:

Pettiri Uhartekoa, ah qu’il était bon chasseur!

Erbi bat atxeman zien, dans un buisson, par bonheur,

Hogoi egun hila zela, ah qu’il avait bonne odeur,

Hartarikan jastatzeko, il fallait avoir du cœur!

Pettiri aipatia da, à travers tout Garazi,

Lagun baten kolpatzeko, il a un fameux fusil,

Satorrak ere hunak zazko, avec un peu de persil,

Zinka bat bota dezagun, en l’honneur de Pettiri!

Ai-ui, ai-ui, ai-ui, hi-hi-hi-hi...

 

Gizon gisakoa eta untsa ikasia zen Pettiri. Bai eta ere arras atxikia Garaziko ohidureri. Berehala esku zartaka hasi zen, irri handi batekin. Gero ideki zien, zabal-zabala, ezkaratzeko borta gazte guzieri, jan zezaten ogi ta gasna baso bat arnorekin.

Ihiztari famatiak,

Erosiz geroz urtzoak,

Oi zer oihu ta irriak

Egiten ditu auzoak!

 

Euskaldun batzuk, Picabea

 

36- «Akungoan» artzeko

 

Igandeko mus partida eginik ohiko ostatian, Jakes Turrut, Pettan Begiluze, Gilen Zikiteroa, eta Pattin artzaina, beren atsalaskariaren egiten ari ziren ardi gasna baten aintzinian, noiz eta ere idekitzen baita, ixil-ixila karrikako borta...

— «To, gure Amerikanoa hemen diagu!» erran zien Pettanek, atearen gihiletik agertu baitzazkoten Pettiri Uhartekoa ederrenetarik beztitia: soinekoak untsa lisatiak, xapel pollit bat burian, eta triparen aintzinian urre gate bat zarpatik dilindan.

— «Alaintso!» erran zuten lau adixkidek, harritiak, «norat ari xira hola? Xauri hunat, eta tira gasna huntarik!» Bana Pettiri xutik egon zen kexatia iduri:

— «Norat, ari nizan? Itzultzen niz, orai berian, Uharte-Garazirat. Ez ditut gehiago ikusten ahal ere karrika huntako Donibandar jeloskor eta faltsiak. Aditu izan dut zernahi erranka artzen direla denak ene kontra: batek jeikitzen nizala ohetik hameka orenetan, bestiak beti ostatietan nizala ihizirat ezpalinbaniz joaiten, eta alfer tzar bat nizala... Debrien urdiak!... Egia izan balitz ere, nik bezala egin dezate, ahal dutenek!»

— «Etxitela samur Pettiri», erran zakoten, elgarrekin gure lau lagunek, «hemen ez dixigu jeusik erten!»

— «Ba, bana pentsatzen!... Zer uste duzie ala, ez dakitala zer den zorigaitza, eta hogoi urtez Ameriketan jostatu nizala, beti bakarrik Nevadako mendi izigarrietan?

— «Zer debru ari xinen, hanbeste denbora hantik jeutsi gabe?» galdegin zakon Pattin Artzainak, irriz karkailan.

— «Zer ari nintzan? Berehala jakinen duzie.» Eta gure Amerikanoak, alegia zerbait xekatzen bere orroitzapenetan:

— «Ari nintzan... ”Akungoan”

— «Akungoan?» oihu egin zuten denek, «zer ote da ofizio bitxi hori?»

Ordian, Pettirik, bi eskiak sakeletan sartuz eta ezti-eztia:

— «Akungoan artzeko, jaunak, aski duzie ibiltzia egun guzia atabal joile baten gihiletik, eta kakile delarik, haren bi makilen atxikitzia... Horra zer den Akungoa!»

Hortan, gure Pettirik agurtu zitien ostatuko Donibandar guziak, eta joan zen Uharteri buruz, lau adixkidiak utzirik ahoa zabal-zabala.

Jeloskorrak galdegin zautan:

Dirua nola duk atxeman?

Ihardetsi nakon ordian:

Ari bainintzan ”Akungoan”!

 

Types basques Picabéa

 

37- Karlixtak, sasi gudua hasi zelarik

 

 Karlixten kontra egin zuten ixtorio hau

Don Karlos Espainiatik joanez geroz, eta bakia berriz jin orduko, Karlixtak itzuli ziren etxerat arrunt etsitiak. Hartako beharbada etzuten aise kondatzen zer izigarrikeriak ikusi zituzten armetan. Batzutan ahatik, gerla tzar hartaz trufatzeko, erten zuten nola ari izan ziren joka, kasik armarik gabe Nafarroko mendietan, egunaz gordeka, gauaz guduka, eta bethi leherrin artio lasterka... Gaizo mutikoak! Gerla hasi zelarik eta gudukatzeko etzuten makilak edo ganitak bezik!... Halere, jende zonbait hetaz trufatzen ziren eta ixtorio hau kondatzen.

Behin batez omen, Madrileko soldadoak, (delako Krixtinoak edo Pezeteroak), sartu ziren herri ttipi batian jakinik han gordetzen zirela Xapel-Gorri andana bat. Bainan Karlixtak aspaldi ohartiak, zalu-zalia mendi baten kaskorat joan. Gero, hor egon ziren barrandan, hea zer gertatuko zen.

Ordian, Karlixten aintzindariak sasu handi baten gihiletik, bere goaitatzaliari:

— «Hor dira ala fan dire?»

Goaitatzaliak, bonetaren puntta bezik agertuz, eta so egin eta behereko zelaiarat:

— «Hor dira, hor dira ! Herriko plazan dira...»

Buruzagiak eztiki bere gudarieri:

— «Aphal buriak, aphal!...»

Hantik laster, aintzindariak berriz:

— «Hor dira ala fan dira?»

Goaitatzaliak ahapetik:

— «Hor dira, hor dira! Etxe guzietan sartzen dira...»

Buruzagiak gudarieri:

— «Aphal buriak, aphal!...»

Oren erdi baten barne, buruzagiak:

— «Hor dira ala fan dira?...»

Goaitatzaliak oihuka:

— «Fan dira! Fan dira! Ez da ageri bat ere...»

Buruzagiak xutituz eta debriak hartia:

— «Aintzina, mutilak, hil edo bizi!...»

Hortan, Xapel-Gorri guziak, jauzika mendiari behera, heldu dira berriz herrirat, eta han espantuka, Pezeteroak haizatu zituzten bezala...


Colonel Jean-Baptiste Pétré, 61 urte, 1957eko irailean, Donibane Garazin.

 

Santa Cruz soldadorekin

 

Santa Cruz apeza, Le Monde Illustré, 844 zb. 1873eko ekainaren 14 an, 372 h.

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires

Présentation

Créer un Blog

Recherche

Calendrier

Mai 2012
L M M J V S D
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      
<< < > >>
Créer un blog gratuit sur over-blog.com - Contact - C.G.U. - Rémunération en droits d'auteur - Signaler un abus