Overblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
26 février 2011 6 26 /02 /février /2011 23:09

25- Jaun Erretoraren gasna

 

Eguberri bezperan, Donibaneko Pattin artzaina ohartu zen etziela eman ohono bere apez-paga. Beraz, ardiak utzirik Eiharaberriko pentzetan, makil berri bat eskian, joan zen gure gizona apeztegiari buruz.

Gehexina, gelari xaharrak, ideki zakon borta, erranez Jaun Erretorra etzela etxian, zernahi jende kofesatzeko baitzen elizan, bana jinen zela ixtantian. Beraz, sar arazten du Pattin sukaldian eta mahairat ekartzen arno-ta-salda.

Elkorra baitzen gaixo Gehexina, oihuka erten dako Pattinek:

— «Hauxe da salda huna etxekanderia», eta ahapetik «Nun nahi bezan beroa da».

Gehexinak loriatia:

— «Xade ixilik otoi Pattin, gatza eta biperra bezik eztixi».

Eta gure artzainak eztiki:

— «Alta, segurki, untsa ageri du!»

Gero, ogi-ta gasna ekarririk, Gehexina hasten da arnoz basoaren betetzen, emeki eta xuhurki ustez eta gure artzainak erranen dakola azkenian aski diela. Pattinek, alegia ez ikusten, ateratzen du sakelatik bere tabakoa eta gelariari erten polliki.

— «Erraxu Gehexina, xuk ene basoa bete artian, nik pipa bat piztuko dixit xure baimenarekin».

Ez dakit aditu zienez untsa gaizo Gehexinak, bana denak utzirik mahaian, joan zen gaineko leiho batetarat ikusteko hea Jaun Erretora agertzen zenez. Arte hortan, gure artzaina egon zen buruz-buru gasnarekilan...Ordian, bere nafar-ganit handia zabaldurik, sak!... pikatu zien alimaleko gasna puska bat, ogi xerra batekin jateko: «Hau gasna huna!» eta sak!... beste puska bat hartzen du berriz: «Zer gasna hauta!» sak!... jotzen du aintzina, eta bi ahamenez, erdia xahutzen...

Uroski, Gehexinak, ikusten du azkenian Jaun Erretora elizatik ateratzen, eta erten dako zer gertatzen den etxian. Berri horiek intzutiarekin, apeza samurtzen da.

— «Gaixo emaztia! Zer? Ez baitakixu mendiko Basa Jaun horiek izigarriko apetitia dutela?... Goazen lasterka sukalderat. Segur nuxu ez balinbadugu kasurik emaiten, etxe guzia janen daukula artzain horrek»... Heltzen dira ordian Pattinen ganat, ikusteko hea gasnaren erdia bederen begiratzen ahal zutenez.

Kexu ziren basterrak. Bana Pattinek, anitz konplimendu eginik, hitz eman zakon Jaun Erretorari ukanen ziela bere artaldiaren axuri ederrena. Eta ganita berriz zabaldurik, sak!... pikatu zien berriz gasna puska bat: «Hauxe da gasna huna Jaun Erretora!» Harritia zen apeza, zut-zuta sukaldiaren erdian. Ordian, erten dako artzainari: «Biziki huna duxu omen, bana kasu egin zaxu Pattin! Joan den astian, medikiak erran dataxu gasna mota hortarik sobera jaten dienak mututzen ahal dela!»

Holako berri espantagarri bat aditziarekin, jeikitzen da Pattin arrunt xoratia:

«Ba ote? Errazu Jaun Erretora, atsulutoki eman behar datazu gasna undar hori, etxerat ekar dezatan, ene emazte kalakaria ez baitut ixil arazten ahal egunaz ez gauaz».

Hortan hartzen du gasna, eta mokanes gorri batian ezartzen du, untsa estekatuz bere makilaren puntan. Eta badoa eskerrak emanez.

Nik ez dakit Pattinek zer egin zien gasna hun hartaz, bana oren laurden bat segurik egon ziren, egiazki mututiak apeza eta gelaria.

Artzaina heldu denian,

Menditik gose gaixtoan,

Sartzen bada sukaldian,

Ez utz gasna mahainian!

 

Abbé Barbier Picabéa 

  Barbier apeza, Donibane Garazin (Gerard Pikabearen bilduma)

 

26- Nausi zaharraren sudur hotza

 

Negia etorri orduko, Gilen, bere ofizioaz zikiteroa izanik ere, lanian ari zen «jan-truk» Haizetegiko jauregian. Jende gisakoak ziren biziki hango nausiak, bana xuhurrak bezan ergelak. Halere laketu zen leku hortan gaizo Gilen, eta batzutan erten zien bere laguneri:

— «Ez balinbadut dirurik irabazten Haizetegian, zer irriak aldiz egiten dituztan!»

Urtatsez, goizian-goizik, harri arrailtzeko horma batekin gure zikiteroa joan zen jauregiari buruz, hea urte berriaren gatik sos poxiño bat ukanen zienez ele pollit zonbait erran-eta. Bazen oren laurden bat jotzen ari zela, dena burdinez itzatia zen borta handian, ihardespenik ukan gabe. Nehor ez ageri eta, sartu zen ezkaratzian, bere boneta kendurik, oihuka erranez: «Hela!», behar den bezala. Bana beti bazterrak ixil-ixilak ziren. Azkenian, bostgarren aldikotz, «hela» eginez, azantz bat aditu zien zoko ilun batetik eta norbaitek erran zakon: «Aintzina!». Ordian, hats anitz harturik, irrintzin bat botatzeko bezala, gure Gilenek orroaz:

— «Jinkoak dautzietela urte hun bat, osagarriarekin!» Hola higitu ziren naski Haizetegikoak eta erran zakoten ordainez:

— «Bai zuri ere Gilen!... Gauza bera!... Gauza bera!»

Ele goxo horiekin aberasturik, gure mutila bazoan beraz kanpora sudurra luze, gogoa ilun, noiz eta ere jin baitzakon tarrapataka eskalerreri behera, gizon ttipi, xingortu bat. Haizetegiko nausi xaharra zen, igandetako soinekilan beztiturik. Etzen gaixtoa, bana burutik joaiten ari noiztenka. Hura bederen iduri zien xoratia zela Gilenen ikustiaz:

«To, hor hiza Gilen? Zer atsegina! Karrosa handiena hartzak berehala bi zaldiekin. Donibanerat joan behar diagu itzuli baten egiterat».

«Donibanerat orai?» galdegin zien Gilenek harritia. «Bana Jauna, izigarriko hotza baduzu kanpoan, eta sekulako bat biltzen ahal dukezu hementik ateratzian!»

Nausi xaharrak, bere tema ez utzi nahiz, Gilenek egin zien beraz erran bezala. Jarririk karrosaren aintzinian, gure zikiteroa ikaran zagon hotzarekin, zaldien uhalak ezin atxikiz, erhiak minberatiak eta matelak gorritiak. Jaun xaharra aldiz, dena kokorikatia zen karrosaren barnian, bero-beroa, kapa beltz handi baten azpian eta sudurra bakarrik agertzen zitzakola. Hantik laster, Jaunaren sudur hori ateratu zen leiotik:

— «Baxindaki Gilen zoin goxoki nizan barne huntan... Ez dixit hotz sudur punttan bezik!»

Gilenek etzakon so egin ere, bere boneta sartia beharrien gainetik, arrunt hotzak hila, elkorra eta mutia iduru. Bizkitartian karrosa Izpuran sartu zen. Hango karriketan nehor ez ageri, jende guzia supazterrian zelakotz. Bana Jaun xaharrak, berriz ateratu zien mokoa leiotik:

— «Baxindaki Gilen, zoin goxoki nizan barne huntan... Hotz ez dixit sudur punttan bezik! Sudur punttan bakarrik Gilen!»

Ordian, zanpez itzuli zen gure zikiteroa, hasarre gaitz batekin eta debria mihian:

— «Errazu, Jauna, nik alki hunen gainian bero ez dizit uzki xiloan bezik... uzki xiloan bakarrik jauna! Hortan sarrazu zure sudur hotza!»

Ez dakit zer egin zien geroztik Haizetegiko nausi xaharrak, bana etzien omen bere sudurra leiotik ateratu pidaia bururatu artio.

Perestu edo ergela,

Samurtzen bada mutila,

Ez uste egonen dela,

Ixilik hila bezala!

Donibane Garazi, 1890 (?), Pedro Garmendia
 27- Nausiaren erbia

Egun eder batez, Haizetegiko nausi gaztia joan zen mendirat bere orgekilan. Itzain gisa hartu zen gure Gilen zikiteroa, behar zutela iratze meta bat etxerat ekarri. Arrunt bere buriaz hartia zen mutiko gazte hua. Alta etzen biziki ederra: ttipia, lodia eta biribila alderdi guzietarik. Haren ondoan, gure Gilenek iduri zien ziri bat kuia batekin birazkatia!

Mendiratekoan, nausi gantzaduna pipatzen ari zen azkarki orgen hegi batian jarririk eta zangoak dilindan, bere sehia utzirik akuliarekin behien aintzinian. Azkenian, arras eneatia, erabaki zien behar ziela gure «Gilen zikiteroaz» trufatu, eta oihu egin zakon:

— «Zer sudur gaitza duxun Gilen!... hauxe da sudur handia! Holako moko zorrotz batekin, etxinuke akulurik behar behien manatzeko!»

Samurtu gabe, gure zikiteroak ihardetsi zakon eztiki eta irri batekin hortzetan:

— «Errazu nausia, nik zu bezalako matel lodiak banitu, batere ez litake ageri ene sudur luzia!»

Etxeratekoan aldiz, orgak mukurru betiak, etzuten hitz motz bat erran. Bana horra nun aditu zituzten ihiztari zonbaiten tiroak. Hantik berehala, sasutik ateratu zen erbi alimaleko bat, odolez gorritia, eta hila erori zen bidiaren erdian. Erbi eder hua ikusi orduko, nausia badoa lasterka haren biltzerat eta gordetzen du iratziaren azpian. Bere abileziaz hantia, oihu egin zakon bere itzainari:

— «Zer erbi huna jan behar dugun Gilen!... nik bederen segurrik!»

Gilen, alegia jeusik ez ikusi, ari zen behien aitzinian: «Behia be! Haugi, haugi!» Eta karrankaz orgak ari ziren etxiari buruz. Arte labur baten burian ahatik, nausi itzainari urbildu zen, ustez etziela intzun:

— «Zer erbi huna jan behar dugun Gilen!... nik bederen segurrik!»

Bana ele azken horien erten ari zelarik, horra nun agertu ziren, sasu baten gihiletik Garaziko ihiztari hoberenak: «Pettiri Uhartekoa» eta «Jakes Turrut» soinularia. Hatsangatiak, izerdiz bustiak, eta kexatiak, galdegin zuten nausiari hea etzienez ikusi erbi bat kolpatia eta ihesari emana.

— «Ori, tiro batzu intzun ditugu orai berian» ihardetsi zien nausiak, «bana jeusik ez dugu ikusi... Ez dea hala Gilen?»

Ezti-eztia, bere behiekin «Gilen zikiteroak» etzien kasu egiten ere. Bana, nausiaren ixilik, erakutsi zakon Jakesi, akuliaren puntarekin, nun gordetia zen erbia. Ihiztariek sartu zituzten eskiak iratziaren azpian eta hantik erbia ateratu! Hasarre gorrian, lotu ziren Haizetegiko nausiari, eta joka aurtiki zuten lurreat, zahagi huts bat bezala. Gure zikiteroa irriz ari zen, eta beti behien aintzinian: «Behia be! Haugi, haugi!» Eta azkenian, nausiari so eginik:

— «Zer zanpaldi huna hartu dugun jauna!... zuk bederen segurik!»

Errautsez betia, eta bere boneta behi kakaz zikindia, xutitu zen nausi gaztia, jeusik erran gabe. Gero, buria apal, gogoa ilun, segitu zitien orgak etxeratekoan.

Zerbait untsa gordetia,

Balinbada ebatsia,

Ta jabia ohartia,

Urrun ez da zafraldia!


Merkatua 1927 Saint Jean 2 Picabéa

 

28- Ezterenzubiko zubian

 

Pettan begiluze gure Ezterenzubiko mugazaina, euskaraz ari baitzen erdaraz bezain untsa, bere Gomenantak atxikitzen zien beti zubiaren ondoan.

Eta segurki, gaizo Pettanek bazien leku hortan zer egin.

Udako egun ederretan, zernahi jende arrotz heldu ziren zubiaren gainetik, ostatu baten keta, denak berotiak, egarritiak edo gosetiak. Bai eta ere emazte uzki zabal batzu «short» delako hekilan ipurdia zein gordetuz eta zitzi guziak agerian. Oi zer bixta ederra zien ordian gure Begiluziak!. Bana kexatu zen azkenian, beti zerbait galdegiten baitzakoten: hunek mendi baten izena, horrek Espainiarako bide hoberena... Eta baso bat arno bederen, sekulan ez pagatzen!

Agorrilako goiz bero batez, zubi aldeko ostatutik ateratu zakon Paristar jin berri bat, doi-doia iratzartia:

— «Dites donc douanier, c’est curieux, je n’arrive pas à m’orienter... Où est le Nord ici?» Eta Pettanek, alegia harritia:

— «Le Nord? Quel Nord? Ici Monsieur, on est au Sud ! Vous pouvez chercher partout à Esterençuby, on n’a pas de Nord!»

Berri ikaragarri hori intzun orduko, gure arrotza gelditu zen, ahoa zabal-zabala, hitz bat ezin ateratuz. Gero, itzuli zen lasterka ostaturat, ustez eta mugazaina burutik joaiten ari zela, iruzki ukaldi baten ondotik. Eta Pettanek, beti zut-zuta bidiaren erdian, erran zien bere baitan:

— «To, hau bederen ixil arazi diat nolazpait!»

Arratsaldian aldiz, haize hegoa hasi zen orroaz, bero gaitza botatuz eta zintzur guziak idortzen zitiela. Gure mugazaina, gustian jarririk etxe baten aintzineko harri alkian, erdi lo zagon, bere buria dilindan tripari so, noiz eta ere oihu handi bat jali baitzen errekaren aldetik:

— «Pettan!... Ho Pettan!»

«Pattin Artzaina» zen, menditik heldu, abarkak oinetan eta bere Nafar-astoa gasnez kargaturik. Pettan, lo zurrungan, etzen higitu ere. Ordian, artzainak berriz:

— «Pettan! Zer tenore da otoi?»

Pettanek, sudurra goitituz, eta gaizki intzun balu bezala:

— «To, milesker mutikoa! Baso bat aski diat, gorritik... Hortxeko ostatian... Berehala heldu nuk».

Arrunt elkorra zela guarda tzar hori, erran zien ahapetik gure artzain zikoitzak. Eta azantzik gabe joan zen aintzina bere zango luzekin Donibaneri buruz. Ordian, Pettanek aharrosi handi batekin:

— «Zer debru dute egungo gizonek, nik hitz bat ateratu orduko, hola joaiteko lasterka?»

Hemen duzie ikasi

Zonbaiti zer ihardetsi

Ez dutelarik onetsi

Behar dute ahoa hetsi!...

 Esterenzubi

 

29- Supazterrian Pattin artzainarekin

 

Negu gau batez, Garaziko ostatuño batian, jende zonbait goxoki zauden supazterrian, afariaren ondotik. Zirt, zart, egiten zuten pindarrek eta garrek argitzen sutegi guzia. Bana etxekoak etziren su hartaz biziki axolatzen, zeren eta han baitzen, zizeliaren erdi-erdian, jarria kaskoin pidaiant jin berri bat, tirahala kalakan. Erran eta erran ari zen, dena espantu, aipatuz zer ikusi zien Parisen, Bordalen edo Tolosan.

Supazter xoko batian aldiz, Pattin artzaina ixil-ixila, kokorikaturik zagon, sudurra ezin berotuz. Etzen debaldetan mintzatzen gaixo Pattin, poxiño bat motela baitzen. Bana hantik berehala, arrotzaren zangoeri so egin eta, oihuka hasi zen, bere pipa ahotik ateratu gabe:

— «Su... su..., su duzu jauna!»

Frantximenta etzen higitu ere, ez utzi nahiz bere solasa. Eta eleketari eder horren aintzinian, denak zauden ahoa zabal-zabala, arrunt xoratiak. Beharbada neork etzien intzun Pattinen deia. Ixtant baten burian, ahatik, gure artzainak berriz:

— «Su... Su... Su duzu jauna!»

Oraikoan kexatia, kaskoinak bere kalakaren artetik, ihardetsi zien gogorki:

— «Ben quoi! Qu’est-ce qu’il a cet Indien? Qu’il la ferme à la fin !»

Hortan, hatsa hartu zien ohono bere hitzaldiaren segitzeko aintzina, nihuntik ezin errexituz. Eta Pattinek, samurtu gabe, beti pipa hortzetan, ezti-eztia:

— «Ka... ka... kaka dela horren! Eta azkenian be... berak erranen du!»

Arte labur baten burian, zipil urrin izigarri bat hedatu zen sukalde zoko guzietarat, kea ateratu baitzen, beltz-beltza, kaskoinaren zango batetik. Ordian bederen, gure predikaria zanpez jeiki zen supazterretik, eta berak erran zien egiazki, Pattin artzainaren ondotik:

— «Mais j’ai le feu au pantalon, nom de Dieu!»

Ihesiz joan zen kanporat lasterka, herriko iturriari buruz, zango-mainu baten hartzerat. Hola ixildu omen zen nolazpait! Bai eta ere ikasi zien, bere kaltetan, Euskaldun bat deika artzen delarik, kasu egin behar dela errepostu tzar bat eman gabe.

Lagunaren zuhur hitza,

Izanik ere bortitza,

Intzuleak onhar deza,

Zabalduz bere bihotza!

 

Groupe Donibane Garazi 1920-1934

Donibane Garazin, 1920-1934  (Pedro Garmendia)

Partager cet article
Repost0

commentaires

S
Ez dakit nola haurdun dauden arazoak konpontzen laguntzeko modurik bila dabilen jendeak denbora bilatzen duela Amerikako jaiotako gehienak Dr. Wealthy-ren laguntzaz hitz egiten duenean. Begiratu nion neure haurdunaldia 6 urteko ezkontza baino gehiagorik ez nuen espermatozoide txikia dela eta senarra ematera heldu zitzaidanean, eta hori da nire senarraren arazoa lagunduz. Nire izena Stacy Williams Idahoko (AEB) da. Edozeinek eta ortatze-gurpilen laguntzarekin behar dituzten guztiei aholkatuko nizuke beren doktoregatik edo posta elektronikoz aberastasunaren benetakoa izanez gero bere aberatsa atzera egitea edo aberatsa Dr. Nire senarra eta ospitale desberdinetara joan ginen, haurdun gelditzen ari zitzaidan errua zela pentsatuz. Hala ere, ospitale federalean ere aztertu zuten eta espermatoiaren zenbaketa txikia izan zen eta ezin izan zuen emakume bat haurdun lortu gizonezkoen antzutasunaren ondorioz. Garai hartan haurdun gelditzen ari nintzela sortzen nuen orduan, eta Woody doktorearekin harremanetan jarri nintzen eta behin eta berriro arazoa konpondu nuen. Berehala erabili behar zuela esan zidan ordainduta, haurdun gelditu nintzen senarra lo egin ondoren. Konfiantza gizon hori izateko giltza da eta zure arazoa behin eta berriz konponduko du. Uste dut% 100. Oso erreala da sorginkeriaren eta kontzepzioaren kasta-sortzaile baten laguntzarekin. Bikiak sortu ditut eta baliabide hau erabiltzen dut Dr. 6 urte zain igaro ondoren, azkenean nire haurtxoak nirekin. Emaila: wealthylovespell@gmail.com edo Whatsapp zion. +2348105150446 zure ezkontza gordetzeko eta familia zoriontsu izan
Répondre