Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:11

15- Etxeko karrota saltsa

 

Jende biziki xuhurrak ziren Mehetegikoak, bana untsa ikasiak eta gisakoak iduri. Etxian bazuten beti zerbait jateko, bero-beroa, tenore guzietan, supazter ondoan. Eñaut, hango mutila, jakin beharrez errotik zer ote zen sorginkeri hori, egun batez goizian-goizik sartu zen ixilka sukaldian. Bazterrak oro itzuli zitien, zoko-moko guziak ikertu, bana gopor tzar bat bezik etzien atxeman, beltz-beltza supazterrian. Neskatoa heldu baitzen baratzetik, Eñautek galdegin zakon:

— «Eraxu Kattalin, erraxu-ta, zendako uzten duxu beti suiaren aintzinian lurrezko gopor tzar hori? Zer debru duxu horren barnian?»

Eta neskatoak berehala salatu zakon ahapetik:

— «Hor badixit ”etxeko karrota saltsa”, orai baita hamar egun egina dutala, nor jin ere, eta zer gerta ere!»

 

38 Merkatua Donibane Garazin 2


16- Apezaren janketa gaitza

 

Lehengo menditarrak etziren omen egun guziez asetzen. Nafarroko herri batian, goizetik gelariak galdegiten dako Jaun Erretorari:

— «Errazu Jaun erretora, saldaren egiten ari nuzu, eta ezarri behar duta haragi pxiño bat dupinaren barnian, bazkariaren dako?»

Jaun Erretorak, bere otoitz-liburia utzirik, soako bat egutegiari egin eta, Gelariari erten dako:

— «Egun, Fermina, jan behar dixigu xerri beharriaren laurdenaren laurdena.»

Ordian, Gelariak harritia:

— «Zer? Urdankitik hanbeste?... Ez nizin uste herriko besta giniela!»

Eta Jaun Erretorak, irriño goxo batekin hortzetan:

— «Bai Fermina, ohartu nuxu egun Asteartihaute dela! Eta bihar garizuma haste!... »

 

 Donibane Garaziko ithurria 2


17- Mediku gaztia

 

Ardura mundu huntan gertatzen den bezala, bazen Behorlegin, artzain seme bat. Mutiko hua, biziki argidun izanik, igorri zuten ikastegi handietarat, eta hantik ateratu zen mediku. Ordian, Garaziko mendi xoko hortan, zer espantiak gure artzainaren etxian!

Hantik laster, bere lanetik bizi beharrez, sendakin gazte hua joan zen Pariserat, ustez eta han bilduko ziela errexki untasun eder bat. Bana hiri nagusi hortan etzen batere ezagutia. Jakitate anitz ukanikan ere, eta jin berri bat izanez, zer eginen zien hango mediku famatien artian? Egia erteko, jaun paristar horientzat etzena betiko egonen artzain euskaldun baten seme txar bat?

Arrunt etsitia zen gaizo mutikoa, sos guti irabaziz, noiz eta ere intzun baitzien erregiaren alaba eri zela... Arrain hexur gaixto bat bere zintzurrian gelditu zen, eta nehork etzakon bota arazten ahal. Alta Pariseko mediku aipatienak deitu zituzten andere horren sendatzeko, bana beti debaldetan. Azkenian, zakutik edo zorrotik, kinka tzar hortarik ateratu beharrez, erregiak jin arazi zien, jauregirat, gure mediku gaztia. Hau, ez jakinez xuxenki zer egin, egon zen zut-zuta gelaren erdian eta erran zakon nexkato eriari:

— «Araiz badakizu, anderia, artzain baten semia nizala eta ikasi dutala sendagintza Garaziko uniberzitate nausian! Beraz salatu, behar dautzut ardi kakarekin bezik etzitutala artatuko. Hea, idekazu ahoa zabal-zabala eta oihu egin zazu enekilan: «Mee, Mee!... Ardi kaka mehe!...»

Mintzaldi bitxi hori intzun orduko, erregiaren alaba hasi zen irriz karkailan, eta azkenian, eztul aldi izigarri baten ondotik, botatu zien arrain hexur madarikatu hua. Hortan, mediku gaztia besarkatuz, joan zen erregiaren ikusterat, erranez behar ziela ezkondu holako gizon jostakin eta jakintsun batekin. Erregiak, xoratia, hunartu zien bere alabaren galdia.

Hantik laster, handizki egin zituzten ezteiak, bazter guziak harrotuz, eta sekulako azantzetan, Behorlegitik Pariseraino herri guzia harritia zelarik! Uste duzien bezala, zernahi untasun edo zorion ukan zituzten geroztik. Eta untsa bizi izan balinbaziren, arabera hartarat hil ziren.

 

 Astoa gizon Picabéa

18- Jatsuko tripota tzarra

 

Garaztar gehienek bezala, Jatsiarrek hiltzen zuten xerria Eguberritik landa. Eta «Tarrapatainia» deitzen zuten etxe batian, beti lehenak ziren, xerri lan guzien bururatzeko. Hau zuten, egun guzietako errepika edo leloa:

«Lan eta lan,

Zalapartan,

Mekanikan,

Tarrapatan.»

Alta, Tarrapataineko lehen auzoak, aspaldi danik ikasi zien, bere kaltetan, etxe hartako tripotek jeusik etzutela balio: dena tipul eta gatza zirelakotz! Beraz, negu guziez, ohiduraren gatik, hango tripota ukan orduko, uzten zien dilindan, bazterturik. Eta gero, lehen bai lehen, beste etxe batetarat igortzen bere «xerriki-partiarekin».

Ba, bana etxe hartan ere ikasi baitzuten, odolki hua etzela huna, batere jan gabe sakatzen zuten aintzina beste auzo bati. Azkenian urtiak jin-urtiak joan, Jatsuko etxekandere guziek ezagutu zuten, arras untsa nolakoa zen Tarrapataineko tripota. Eta geroztik, igortzen zuten, gisa berian, beren auzorat. Behin batez, odolki madarikatu horrek egin zien, etxez-etxe, herriaren itzulia, eta hola Tarrapatainerat berriz agertu. Han bederen, jan zuten gogotik omen, eta batere ohartu gabe, etxekoa zutela!

Hala nola, pilotariek bezala, Tarrapatainekoek, beren tripotarekin sakatu zuten botia, ukan errefera, eta uste gabian kintzia irabazi alaintso!

 

 Estérençuby 4 Picabéa


19- Arto-ta gerezi

 

Ortzegunetan, goizian-goizik, Izpurako haurrak biltzen ziren elizaren ondoan katixima hasi gabe. Aldi batez, berantarekin jin ziren eta jaun apeza gogoetan zagon, jakin beharrez zer gertatzen zen. Azkenian, heldu dira lerro-lerro mutiko guziak eta apezak, bakotxari galdegiten:

— «Hik, Piarreño, zer ukan duk ote askaiteko?»

— «Nik Jaun Erretora, talo-ta-esne.»

— «Eta hik Eñaut?»

— «Nik, Jaun Erretora, kafe-esnia ogiarekin».

Arte hortan, Gilen Ttukuttun, haur gaixo bat jin zen etxetik, lasterka, hatsangatia. Ordu berian, apezak erten dako:

— «Eta hik Ttukuttun, zer jan duk goiz huntan azkena izaiteko... xingar-ta arroltze segurretik?» Eta haurrak kexatia:

— «Ba, kaka ba jauna! Nik arto-ta gerezi !»

 

Aldude merkatia Picabéa

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Retour à l'accueil

Présentation

Créer un Blog

Recherche

Calendrier

Mai 2012
L M M J V S D
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      
<< < > >>
Créer un blog gratuit sur over-blog.com - Contact - C.G.U. - Rémunération en droits d'auteur - Signaler un abus