Partager l'article ! 22. I- Ixtorio-mixterio edo lehengo basa-sinestiak: I- Ixtorio-mixterio edo lehengo basa-sinestiak 1- Oluntze-ko b ...
I- Ixtorio-mixterio edo lehengo basa-sinestiak
1- Oluntze-ko basanderia
Ixtoria-mixterio,
Zaharrak ederkio,
Berriak hobekio,
Dakienak konda dio!
Orai diela anitz mende, uda arratsalde bero batez gure «Gilen-Mandozaina», Iruña-tik heldu zen mendiz-mendi, abarkak zangoetan, makila eskian, bidexkak harturik eta bere mandoari oihu egiten zakola:
— «Arri mandoa!... Arri hunat!... Hemen naski Garaziko herrian gituk!»
Luzaideko bidia utzirik, bazoan gaineko aldetik Donibaneri buruz, iluna gabe behar ziela etxian izan, bana bere mando zaharrak etzien laster handirik egiten ahal. Bizkitartian, Eihalarreko mendieri urbil, oihan beltz baten itzalian sartzen ari zelarik, horra nun agertu zakon atso mehe gaixo bat. Sugaiketa ari zen emazte xahar hua, adar lodi zonbait besotan ezin atxikiz. Bere mandoa bezan akitia izanik ere, Gilen joan zen berehala atsoaren ondotik.
— «Arri mandoa!... Arri hunat!... Zade Amatto, nik lagunduko zitut!»
Arte labur baten burian, egur meta gaitza bildu zien, eta mando uhal batekin estekaturik, dena ekarri atsoaren etxolarat. Gaixo emaztia xoratia zen, eta mandozainari egin zakon supazterrian talo eder bat, bere afariaren tenorian jan zezan bero-beroa. Gilenek, milesker bihotzez, goraintzi, eta agian ikus artio. Joan zen beraz aintzina gure mutikoa:
— «Arri mandoa!... Arri hunat! orai segurrik behanta diagu!»
Aspaldian gordetia zen iruzkia itsas aldeko mendien gihilian, eta lehenbiziko izarrak ageri ziren odei gorrien artetik. Gilen zabilan mendiari behera, bidia doi-doia ikusiz ilargiari esker. Azkenian, gizona eta mandoa gelditu ziren, arrunt leherrinak, Oluntzeko oihanetan, «Andere-Dena-Maria-ren iturria» orai deitzen dugun bazterrian. Hango ur goxoa edan zuten egarria eztitu artio. Gero, Gilenek kendu zazkon mandoari kakoletak, eta jan zien gogotik atsoaren taloa, ardi-gasna puska batekin. Haritz handi baten ondoan, lo egiteko toki bat atxeman eta, etzanik zagon zeruari so, ilargia bazoan, izarren erdian, artzain bat bezala bere ardiekin, Jondoni Jakoberen bidia segituz. Iturria aldiz, xurruxtaka eztiki legarretan... eta gure mutikoa arras loaletia.
Bana, uste du norbait irriz ari dela ur bazterrian. Azantzik egin gabe, lau hatzez badoa iturriaren ondorat, eta han gelditzen harritia: ilargiari esker ikusten du andereño gazte bat, dena xuriz beztitia, lanoa bezan arinago diela bere arropa. Harri xahal baten gainian jarririk, hasten da emeki urrezko orraze handi batekin, bere bilo luze guzien biltzen eta gaueko ixiltasunian kantu bitxi hau emaiten du:
«Ur begia,
Ixuria,
Etziria
Enetako mirailia?
Iruzkian ixtil handi,
Ilargian urreria!
Ur garbia,
Edaria,
Etziria
Enetako gazteria?
Iruzkian ixtil handi,
Ilargian urreria!
Ur sugia,
Bihurria
Etziria
Enetako galgarria?
Iruzkia ixtil handi,
Ilargian urreria!...»
Olhunzen, zubi ttipiaren ondoan
— «Basanderia!»... erten du bere baitan mandozainak. «Zer gorputz lerdena! Zer begitarte maitagarria!... Eta zango pollit horiek dilindan urarekin josteta. Nihun ez dut ikusi nexkato gazte ederragorik. Errege baten alaba izan litake!»
Hortan, ixiltzen da Anderia eta ikaran egoiten iturriari so. Zer ote da gertatzen? Ordu berian, suge izigarri bat ateratzen da inguruka harrien artetik, eta buria goitituz Anderiaren aintzinian, ahoa idekitzen du haren ausikitzeko. Bana Gilenek, bere nafar-ganita zabalduz, jauzi bat egiten du errekaraino eta «zabla!»... sugiari lepoa mozten. Gero, boneta kenduz, agurtzen du ederki Basanderia eta galdegiten dako barka dezan otoi bere ausartzia.
— Basanderia, iturriaren gainetik jeikitzen da zut-zuta, luze-luzia eta zilarra bezan distiranta. Irri xoragarri batekin erten dako gure garaztarrari:
«Milesker bihotzetik, Gilen Mandozaina!...
Ur huntan mila urte, preso niz egona,
Lehengo menditarren azken erregina,
Oro galdurik eta zinez Euskalduna,
Nigarretan Garazi-n, maitatuz Iruña,
Geroztik eginen dut berriz ere lana,
Herritarren etxetik baztertzeko mina,
Zabaldurik argia eta zoriona!»
Berehala Anderia sartzen da urian. Errekaren legarrak biltzen ditu ahurka eta hetarik Gilenen sakelak oro betetzen. Hantik badoa mandoaren ondorat eta bizkarra perekatzen dako eztiki bere urrezko orraziarekin. Gure mutikoa, arrunt zozotia, urbiltzen da Basanderiari galdegiteko zer debru ari den. Bana, lehen urratsa egin bezan laster, horra nun suntsitzen zako nexkatoa begien aintzinetik, goizeko lanoa haiziarekin bezala.
Iruzkia jeikia zen Behorlegiko mendi xorrotxaren aldian, Gilen iratzartu zelarik. Xoriak ostoetan huxtuz eta hegal zaflaka. Ura beti xurrust eta jauzi errekari behera. Iturria han zen, bana Basandererik ez. Xutitziarekin ahatik, mandozaina ohartu zen piziak zirela ezin gehiago bere sakelak. Hetan sartu orduko eskiak, urrez beterik atxemaiten! Mirakulu hortaz ehotia, joan zen lasterka bere mando zaharraren ganat... Bana han agertu zakon mando gazte azkar bat, uhalak, xilintxak eta tresnak oro berri-berriekilan. Kakoletak aldiz, zernahi edergailuz kargatiak. Iduri zien Iruña-ko urreria eta zilarreria guziak ekarri zitiela Garazirat.
Azkenian, jin zakon gogorat, barda lokartu zela iturriaren ondoan, atso gaixoak eman taloa janez geroz. Beraz gaueko gertakariak etziren denak amentsak! Zer ontasuna! zer bozkarioa!... Urtzo bat bezan arin joan zen, gure Gilen, Donibane-Garazirat:
— «Arri mandoa! Arri hunat! Behin bederen aberatsak gituk! Baina, zer gerta ere, izan giten beti behardunen laguntzaile».
Nafarro-ko Garazia,
Oluntzeko iturria,
Nun ote da gordetia
Lehengo Basanderia?
Ezinago maitatia,
Hor dugu, handi-handia,
Kristauek izendatia:
Andere-Dena-Maria.
Garaziko ixtorio zahar bati esker egina.
Apanizeko mendietan zoalarik artzain gazte bat urbildu zen harpe handi baten ondorat, eta so egin zien barneko alderat. Harritia egon zen ikustiarekin zernahi urreria bazela zilo hortan, eta bereziki kanderailu eder zonbait, denak lerro-lerro, bat bestia bezan distirantak.
Gure mutikoak egin zien urrats bat aintzina, noiz eta ere agertu baitzakon izigarriko Basa Jaun bat, beltz-beltza, dena ilez betia. Hunek, bere esku handiak hedatuz, hartu zien gaizo artzaina eta besapian ereman ziloaren barnerat. Basa Jaunak bahitu zien mutiko hori, eta beretzat lanian arrarazi sehi gisa. Lan guzien artetik, behar zituen nausiaren zorriak atxeman aztaparrekin eta hil. Egunak jin, egunak joan, bazen urte bat preso zela, eta asmatzen ahal den bezala, nahi zien hantik ihes egin lehen bai lehen. Bana Basa Jauna beti barrandan zagon, begiak argi eta zorrotz, harpiaren itzalpian.
Agorrilako arratsalde bero batez, hatzka ari zen, ezin gehiago, Basa Jauna, eta oihuka galdegin zien bere zorri hiltzariari jin zadin haren ganat. Hau, ohartu zen, arte baten burian, lo zurrungan ari zela Basa Jauna, taloz ase gaitza egina baitzien eguerditan. Ordian, ixil-ixila, artzainak hartu zien zazpi adarretako kanderailu handiena, eta brixtez joan kanporat.
Tirahala lasterka ari zen Salbatoreko kaperari buruz, kanderailu eder hua bizkarrian. Zorigaitzez, Basa Jauna iratzartu zen, eta joan zaluki gure mutikoaren ondotik, orroaz, alimaleko jauziak eginez iratzetan, sasi guzien gainetik, iheslaria atxeman beharrez. Hunek, hatsangatia eta leherrina Salbatoreko kapera ikusi orduko, otoitz kartsu hau erran zien:
— «Jon Doni Salbatorre, otoi begira nezazu! Ekartzen dautzut kanderailu eder hori zure ohoratzeko!»
Hantik berehala, Salbatorreko ezkila hasi zen bera joiten, Iratiko oiharzunak iratzartuz. Bat-batian, Basa Jauna gelditu zen, urrats bat gehiago ezin eginez. Zut-zuta egon zen, malda hegi baten gainian, oihuka erranez artzainari:
— «Madarikatia izan bedi ezkil zikin hori!... Eta hobe hiretzat, mutiko txar debria, bestenez lehertuko hintoan zorri bat bezala!»
Beraz, gure artzaina, Salbatoreko kaperan, sartu zen. Belaunikatu eta bere eskerrak eskaintzeko Jinkoari, kanderailia ezarri zien aldariaren ondoan. Egun ere, han ikusten ahal da, eta nehork ez lezake Salbatoreko kaperatik ereman Iratiko saindiaren hasarria piztu arazi gabe.
Donibane-Garazin, 1957garren urtian, Andere Gaxuxa Biscayen ahotik ikasia, eta 70 urte zitielarik.

Aita, dailuarekin (J. Gorriti)
3- Basa Jauna gauaz irrintzinaka
Zonbait aldiz Errozateko bortietan, lanoa hedatzen da bazter guzietara negian eta udan ere. Hala gertatu zen agorrilako arratsalde batez, bi artzain mendiz-mendi ari zirelarik ardi batzu ezin bilduz. Erreka malkar batian, bakotxa bere aldapetik ibiliz, zoko-moko guziak ikertu zituzten.
Noiztenka gelditzen ziren, hea intzuten ahal zituztenez ardi joare zonbait. Bana dena debaldetan. Iruzkia apaltzen ari zen itsas aldian, eta lano herresta zonbaitek mendi mazelak estalitu zituzten.
Ordian, artzain batek eman zien zinka labur bat bere lagunari adiarazteko itzuli behar zutela etxolarat lehen bai lehen. Beraz, erreka hortarik ateratu beharrez, joan ziren gaineko alderat, bidexka baten atxemaiteko xediarekin. Hantik laster, ilun beltza hedatu zen lanoaren ondotik.
Gizagaizoak! Etzuten gehiago ikusten ahal norat zabilan. Eta biak elgarretaratu nahiz, irrintzinaka hasi ziren aldizka malda batetik besterat, noiz eta ere artzain bat ohartu baitzen izigarriko leize baten hegian zela!...
Urrats bat aintzina egin balu eroriko zen zilo ilun horren barnerat. Doi-doia gelditu zen, zangopetan alimaleko harri kozkorrak lerraraziz erroitzari behera. Eta halere irrintzina beti heldu... leiziaren aldetik, oiharzun bat bezala!...
Beste artzainari ere gauza bera gertatu baitzakon, bixtan zen gizon horiek Basa Jauna kexarazi zutela gau hortan, hunen egoitzaren ondoan ibiliz uste gabian, eta hau ere irrintzinaka hasi zela gaxtakeriak, biak erorrarazteko leiziaren barnerat. Zorionez, bakotxak bere aldetik, ihes-leku bat atxeman zien harpe zoko batian, Basa Jauna utzirik urrun bere jukutriarekin. Han, untsa gordeturik, ixil-ixila, igurikatu zuten goizargia, eta azkenian etxolarat agertu ziren, arrunt leherrinak bana makurrik gabe.
Ezterenzubin, 1923garren urtian, ene haur lagunen ahotik ikasia.
Harpea, Ezterenzubiren ondoan (Iñako82, panoramio)
Behin batez, Antsolako artzainek utzi zuten Pettan, mutil gazte bat, Artxilondoko etxola batian bakarrik, behar zutela astotarat gasna ereman Beherobirat, eta biharamunian itzuliko zirela goizian-goizik, etxeko janari goxoekin saskietan. Beraz, gure artzain berria, iluna gabe arratseko lanak eginik, afaldu-ta lokartu zen.
Bana gau hartan, otsoak agertu ziren, eta Pettan zanpez iratzartu zen, izigarriko hurrubiak intzunez, zakurra aldiz ikaran zelarik, dena intziri, zoko batian. Iduritzen zakon, otso horiek ari zirela joka arditegiaren aintzinian, kalapita gorrian, noiz eta ere denak eztitu baitziren bat-batian. Ardi joare zonbait bezik etziren aditzen. Zergatik ixiltasun hori? Zer gertatu ote zen?
Ordian, Pettanek ideki zien borta doi-doia, eta hor berian egon harritia. Ilargiarekin ikusten ahal zien alimaleko Basa Jaun bat, beltz-beltza, hartza handi bat iduri, eta malila eskian. Bana zer makila!... gizon baten ixterra bezain lodia! Lurrian aldiz, baziren bi otso etzanak zangoz gora, hilak. Basa Jaunak, esku batez hartu zitien otsoak, buztanetik biak batian, eta airez-aire botatu bizkarrerat zahagi huts batzu bezala. Urruntzen ari zen emeki, bere otsoak dilindan, bana etxolari so eta so. Hola ohartu zen Pettan hor zela, zutzuta, beldurrarekin ikaran. Basa Jaunak, kexatia, erran zakon oihuka:
— «Hi, mutikoa, egon hadi hire tokian perestuki, edo bestenez makil ukaldi batez, kalitzen hut otso txar horiek bezala!... Beharbada artzain gazte bat hiz. Beraz, jakin zak iluna hedatzen delarik mendietan, ni nizala denen nausia, goizeko argia zabaldu artio!»
Hortan, Basa Jaunaren hasarria eztitu zen. Eta bere makila zirurikatuz, joan zen zaluki gauaren ixiltasunian. Asmatzen ahal da Pettan sartu zela brixtez etxolaren barnerat. Bana egon zen gau guzia iratzarturik, loa ezin atxemanez.
Ezterenzubin, 1923garren urtian, ene haur lagunen ahotik ikasia.

Basa jauna, Eiheraberri aldeko (Donibane Garazin) Errobi errekan aurkitu harri zizelkatia
(33 zent X 22 zent)
| Mai 2012 | ||||||||||
| L | M | M | J | V | S | D | ||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |||||
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | ||||
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | ||||
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | ||||
| 28 | 29 | 30 | 31 | |||||||
|
||||||||||