Samedi 26 février 2011 6 26 /02 /Fév /2011 23:17

Pierre Duny-Pétré  1914-2005

Euskaltzain urgazlea 1963tik

 

 

D

ONIBANE Garazin jaio zen 1914ko apirilaren 3an. Aita, aduanako guarda Garaziko Lekunberrin, ama Donibaneko sarrailari familia batekoa, Espainako karrikan: XVIII.mendeko etxe horretan jaio zen gure Pierre.

Filosofiako ikasketak eginik, estoikoen pentsakera ikertuz bereziki, munduko bigarren gerlara joan behar izan zuen. Frantziako iparrean, Somme baiko guduka handian presoner hartu zuen lurreko aleman armadak, eta beraz Alemaniara eraman. Handik ihes egitera saiatu zen bost bider, debaldetan, baita seigarrenean aske joaitea erdietsi zuen, 1942ko ekainean. Gertakizun horien berri xeheak ematen ditu publikatu gabe dagoen liburu autobiografiko txiki batean, frantsesez: “Quelques Basques dans la tourmente, 1939-1945”.

Gurasoak Congo-Brazzavillen zituen : han aita Estatuko funtzionarien zerrendatik kendu zuen Vichy-ko gobernuak, erresistentziaren aldekoa izatea gatik.

Franziako hegoaldea ez baitzen oraino alemanez okupatua (1942ko azaroaren 11an hartuko zuten), hara pasa zen Pierre eta Marseillan «Armée secrète» delako armadan isilean sartu. Eki-hegoaldeko atalaren buru zen Jean Pétré, Pierreren osaba, eta horren beso eskuina izan zen Pierre gaztea. Gestapo sonatuak osaba atxilotu zuen eta Buchenwald-eko kontzentrazio-esparrura bidali. Pierrek aurrera ekin zuen makian, sekulako dominak irabaziz, nahiz ez zen hori haren helburua.

Gerlatik landa sartu zen komisario kontu Frantziako inteligentzia zerbitzu bat den DST delakoan. Hurbildik ikustatu zuen «Exodus 47» judu iheslarien itsasontziaren afera. Baina metodo batzuk ez ditu onartzen erresistentziako espiritu askatzailea saldurik dakus, bereziki agintarien artean daudelarik Vichy-tiar kolaboratzaileak eta azken orduko «erresistenteak», gainera Franco bere tronuan dagoelarik hegoaldeko erresuman. Beraz polizia arruntera pasatzen da, komisario karrera betez Frantzia behere horretako hiri ezberdinetan.

1961eko apirilean Aljerian aginteaz jabetu zelarik frantses jeneral talde bat, gobernu legitimoaren alde agertu zen Pierre, eta bere leialtasunaz eskertu zuen de Gaulle presidenteak. Aldi bat gehiago agerian daude hor gure garaztarraren sentimendu demokratiko, errepublikazaleak.

Duny-Pétré P. 1984 profil rap Pierre Duny-Pétré, 1984

Euskaldun euskaltzalea izanez, bururaino eremanen ditu. Enbatatiarra izanen da hastetik. Bere ideiak agertuko ditu bere artikulu eta beste idazkietan, baita ekintzetan. 1972an parte hartuko du Mauleko Aberri Egunean, nahiz hau debekatua duen Paueko Prefetak. Bi egunen buruan erretiroa du. Halere Pariseko barne arazoetako ministeriora deitzen du Polizia nazionaleko Zuzendari orokorrak, eta dosierean egonen zaio gaitzespen ofizial bat ematen dio, karrikako ibilaldi «separatista» batean agertzeagatik. Abertzale atipikoa agertzen zaigu horretan ere Pierre Duny-Pétré : Eugene Goyheneche historialari zenaren hitzetan, barne arazoetako ministroak sinaturik, abertzale ziurtagiria duen bakarra, edo arras bakarretakoa !

Bere ideiak frantsesezko idazkietan agertu ditu segurki. Haatik ez da horretan mugatu. Euskaraz ere idatzi du, franko nasaiki, euskal aldizkari eta kazetetan sakananaturik dauden artikuluetan, hala nola  Elgar, Eusko Gogoa, Herria, Gure Herria, Principe de Viana, Anuario de Eusko Folkloren…

Ideiez haratago ere bazoan bere ipuin eta kontakizunetan, ohitura zaharrak, leiendak, mitoak eta historia bera ere ikertuz. Harenak dira bereziki Basajaunaren istorioa, Garaziko hiri nagusian, Manexen marrakak, Garaziko solasak… Baxenabarreko haurren ipuin, joko eta erran zaharrak bildu zituen «Xirula mirula» liburuan.

Azpimarratzekoa du gainera olerkian zein sotilki zerabilen, euskaraz, Villon bezalako frantses poeta zaharren balada, bertset bakoitza «igortze» polit batez burutua errepikan.

Ezkondua, aita familiakoa, Donibane Garaziko hilarrian dago, etxekoen artean, Pierre Duny-Pétré, nafar euskaldun, euskaltzale suharra. Goian dagoela, bake handian. Gure doluminik zintzoenak eta atxikimendu gartsua familiari.

                                                                                     Jean-Louis Davant

 

Lanak

+ Piarres Hegitoaren olerkiak: http://piarreshegitoarenolerkiak.over-blog.com

+ Basa jauna ou le Seigneur sauvage dans les légendes basques, Société de Sciences Lettres et Arts de Bayonne, 1960, n° 92, 93 et 94.

+ Xirula mirula, l’enfant basque à travers ses amusements, ses terreurs naïves, ses formulettes récréatives burlesques et superstitieuses, Eusko press éditeur, Bayonne, 1996, 206 p. et Revue Anuario de Eusko folklore n° 34 de 1987 et n° 35 de 1988-1989. http://xirula-mirula-duny-petre.over-blog.fr

+ Ahozko euskal literatura Garazin, ipuinak : http://ahozko-euskal-literatura.over-blog.com

+ Quelques Basques dans la tourmente (1939-1945) : http://pierredunypetre.over-blog.com

+ Colonel Pétré-ren bizitza : http://colonel.petre.resistance.marseille.over-blog.com

Par Arnaud Duny-Pétré
Ecrire un commentaire - Voir les 0 commentaires
Retour à l'accueil

Présentation

Créer un Blog

Recherche

Calendrier

Mai 2012
L M M J V S D
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      
<< < > >>
Créer un blog gratuit sur over-blog.com - Contact - C.G.U. - Rémunération en droits d'auteur - Signaler un abus