Overblog
Editer l'article Suivre ce blog Administration + Créer mon blog
26 février 2011 6 26 /02 /février /2011 23:08

30- Asto handi bat, eta besterik ez!

Agorrilako gau eder batez, Garaziko mugazainen gomenanta joan zen mendirat. Harekilan eremaiten zitien bi guarda: Pettan Begiluze eta hunen lagun bat, behar zutela egon barrandan Bentarteko lepoaren eskualdian. Beraz, lerro-lerro bazoazin oinez, eta ixil-ixilak. Mugaren ondorat etorri orduko, gordetu ziren sasu baten gihilian, noiz eta ere intzun baitzuten arrabots bitxi bat. Berehala gomenantak manatzen du bere bi guarderi:

— «Zazte aintzina ikusteko zer debru den zoko hortan!»

Pettan badoa bere lagunarekin. Bana etzen gehiago azantzik, eta jeusik etzuten atxeman. Azkenian, Pettanek oihu egin zien, behar den bezala: «Halte à la Douane!» Hala ere bazterrak oro ixilik egon ziren. Eta eztitasun goxo bat hedatzen ari zen gau bero hortan. Alta, gure Pettanek bazakien arras untsa Pattin artzainaren etxola hor zela, maldaren sahetsian. Beraz, etzen dudarik artzain madarikatu hori kontrabandan ari zela eta orai, mugazainen gatik, Frantziarat etzela sartzen ahal.

Gaizo artzaina! Egia erteko, heldu zen bere nafar-astoa zaku handi batez kargatia. Zorionez, delako «Halte à la douane» horri esker, ezagutu zien Pettan Begiluzeren botza... Bat-batian, astoaren zakia hartu zien bizkarrian eta joan zirurikan beste bidexka bat atxeman beharrez. Zoko hortarik ateratu aintzin, eman zakon astoari sekulako makil ukaldi bat ipurdian! Hau aldiz, jauzika eta tarrapataka ihesari lotu zen, eta Pettanen aintzinian agertu! Zer gertatu zen geroztik? Pettan joan zen lasterka, beste mugazainari oihu eginez:

— «Habil erraiterat gomenantari asto handi bat bezik ez dela, ta besterik ez!»

Garaziko kontrabanda,

Gauaz mendian aise da,

Mugazain bat badelarik

Zure lagunen artetik.

Gizon, neskak astoaren gainean, Picabea

31- Beherapeneko onjo biltzaliak

Larrazken goiz eder batez Gilen Zikiteroa sartu zen lasterka Jakes Turruten etxian, hango nausiak eta biek behar zutela joan berehala onjoketa Zaroko oihanerat.

— «Har ditzagun gure saski handienak, zakiak, zorroak, alfortxak eta denak!... Horiek oro beteko ditiagu».

Bana Kattalin, Jakes Turruten emaztia, urbildu zen marrumaka sukaldiaren gihiletik:

— «Zer?... Onjoketa beherapenian? Etziztea erhotzen ari bestenez?»

Ihardetsi gabe, Gilenek hartu zien besotik bere laguna erranez:

— «Goazen hementik Jakes, etxekanderia utzirik sukaldian bere beherapenarekin!»

Oren baten burian, itzuli ziren izertaldi eder batekin, bana saski guziak onjoz bete-betiak asto baten bizkarrian. Turrutesa aldiz, supazter zokoan egon zen, arrunt mututia. Eta Gilenek erran zakon irri handi batian:

— «Gohorapena izan balitz, Kattalin zer ekarriko ginien etxeat? Beharbada orgatrat! Ez dea hala Jakes? Hogoi ta hamar kilo segurrik badira. Baionan salduko ditiagu onjo eder horiek. Goazen hamar orenetako treinaren hartzerat.»

Gizagaizoak!... Etzuten behin ere treina hartu Donibane Garazin. Eta etzen guti kexatu gure Zikiteroa, garako ofizialiak galdegin zakolarik norat ari zen bere lagunarekin:

— «Debrien urdia! Etxekoeri ere ez dut erran norat ari nintzan egun. Zer uste duzu ala, zuri salatuko dutala?»

Hasarre gorrian zen Gilen. Eta gelditokian herritar guziak irriz. Bana Jakes Turrutek erran zakon ahapetik:

— «Aski dakok gezur eder bat sakatzia kaskoin tzar horri. Errakok Akizerat ari girela gure erromatismen gatik.»

Hala egin zien Gilenek, eta Akizerako billet batekin joan ziren goxoki Baionarat. Gero gure bi gizonek saldu zituzten onjo guziak hango merkatu handian. Hantik laster baskaldu ziren ostatu euskaldun batian. Arratsaldian aldiz, hiriko karriketan Jainkoak daki zonbat itzuli-mitzuli eginez, ikasi zuten arras untsa nun edaten ahal zen arnorik hoberena. Laketzen alaintso, laketzen, gure basa jaunak Baionan!... Azkenian, kantuz eta irrintzinaka joan ziren gelditokiari buruz.

Bana gihilatekoan, Donibaneko treina Kanboko herrian gelditu ta, horra nun agertzen den «kontrolurra» izigarriko kasketa batekin burian!... Eta pidaiant zonbaitek emaiten zazkoten sosak kargudun jaun horri.

— «Zer da? Hemen berriz pagatu behar?» galdegiten du gure zikiteroak.

— «Ago ixilik mutikoa» erten dako Jakes Turrutek. «Naski tronpatu gituk hemen igaitian. Beldur nuk leku karioetan jarria girela. Jeiki hadi hunat eta eginen diagu alegia kexatiak girela toki huntan izaitiaz».

Ordu berian, kontrolurraren aintzinian pasatuz, Jakesek oihuka:

— «Quel courant d’air, il y a, dans ce coin! La bronchite on va attraper! Gilen goazen hementik sekulako bat bildu gabe.»

Eta eztulka, karrankaz, lekutu ziren mokanesa eskian. Hortan, jende anitz pusaturik, zango guziak leherturik, sartu ziren, brixtez, beste karrosa batian, kontrolurra utzirik urrun.

Onjorik beherapenian,

Garazin ere badenian,

Oi zer kalapitak treinian,

Ta Baionako merkatian!

Donibane Garazin, 'Conseil de révision', 1934eko ekainaren 12ean: St Cricq,  Pierre Duny-Pétré, Bibot "Zozo", "Ttunttun", Michel Iribarne, Etcheverry "Pilale", Michel Etchart, Durcuty, Arruntx (Donibandarrak eta Izpuratarrak).

32- Gilen Zikiteroa eta mugazainak

Ezterenzubin, bazen aste bat biga Gilen joana zela bere bordarat, zerri zonbait zikitatu beharrez. Azkenian lanak eginik, astelehen goiz batez joan zen Donibane Garaziko merkaturat bostpasei xerriekin, hea salduko zitienez oro. Ba bainan, behar zien lehenik hango zubitik ibili. Eta mugazain debru horiek hor ziren beti barrandan. Gaizo zikiteroa! Xerrien dako etzien baimenik, ez paperrik, ez jeusik.

Zorionez, bere adixkidia, Pettan Begiluze guarda, zut-zuta zagon zubiaren erdi-erdian, bere Gomenantarekin goizeko seiak izanik ere, anitz jende bazen merkaturat joan beharrak, eta guardak ari ziren karraskan, behien, ardien, xerrien edo zaldien kondatzen eta kontrolatzen. Hau orroaz, hura marrakaz, beste bat marrumaz eta guziak ostikoka, jauzika edo zalapartaka.

Oi zer kalapita!

Nunbatik pasatu beharrez, ixilki, gure zikiteroa alegia jeusez, bere xerriekilan urbildu zen emekiño Pettanen ondorat, Gomenantak ikusi gabe. Gero, asto handi batzuen gihiletik, joan arazi zitien gordeka bizpahiru zerri bederazka. Laugarrena ere beste alderat zabilan goxoki, bana hantik berehala, horra nun agertzen den Pettanen Gomenanta hasarre gorrian eta oihuka:

— «C’est la pagaille ici!... A qui sont tous ces cochons qui passent sans permis? Allez, venez par ici!»

Hortan, Gomenanta, Gilen, Pettan eta xerriak joan ziren lerro-lerro guardategiari buruz. Ikaran zagon gure zikiteroa, eta dena intziri:

— «Ai-ei, Pettan, otoi errakok zerbait hire nausiari bazterrak ezti arazteko. Segur nuk preso ezarriko nutela oraikoan eta ene xerriak hartuko!»

Egia erteko ageri zen biziki kexatia zela Gomenanta. Eta euskara ez baitzakien untsa, oihu egin zakon guardari:

— «Et alors? Qu’est-ce qu’il veut ce grand pingouin?»

Pettan begiluzek, gogoetan egonik, eta bulta baten burian:

— «Brigadier, c’est assez difficile à traduire en français. Mais il fait appel à votre indulgence, et désirerait en même temps vous offrir ses services. Bref, il se propose —sauf votre respect— de vous châtrer gratuitement quand vous voudrez!»

Azken ele horiek aditziarekin, Gomenanta erori zen kadera batian, bere irriak ezin atxikiz. Gero, erran zakon Pettani.

— «Allez, allez! Fichez-moi le camp d’ici avec vos histoires de cochons et que je ne vous revoie plus!»

Pettanen ondotik, lasterka ateratu zen gure zikiteroa, arrunt harritia:

— «Zer gertatzen da? Erhotzen ari zirezte bestenez!» Ordian Pettanek ihardetsi zakon:

— «Mutiko ttutta! Holaxe duk Frantzian deitzen duten‚ la ’diplomatie!’ To, nik ez nian uste hain untsa banakiela! Habil hementik laster merkaturat, eta gihileatekoan pinterdia pagatuko duk araiz.»

Kexatzen delarik guarda,

Ez duzulakotz baimenik,

Irriz hasten balinbada,

Joanen zira urririk!

Douanier gendarme guardia civil 1906

33- Basa-arraintzaria

Agorrilako igande arratsalde batez, eta haize hegoarekin, zer beroa Donibane Garaziko karriketan! Bana gure Gilen-Zikiteroa aspaldidanik joana zen xoko itzaltsu baten keta, Errobiaren bazterrerat (Errobia da Garaziko ibaia edo ur-handia). Beraz, Gilen, soineko tzar batzu jauntzirik eta nehork ez ikusi gabe, urian sartu zen eskumangoekin, hea arrain pollit zonbait atzemanen zitienez bere afariaren dako.

Ixil-ixila, Oluntzeko zubiaren ondoan, triparaino bustia ari zen, arrain madarikatu bat ezin bilduz, noiz eta ere: «plauf!»... harri zabal alimaleko bat norbaitek aurtiki baitzien osinaren erdi-erdirat. Ordu berian, gaineko aldetik hedatu ziren oihu ikaragarri horiek:

— «Par ici, il est là, le braconnier! Vite, vite!... Il se cache sous les branches!»

— «Segur jandarmek ikusi nutela!» erran zien bere baitan gure zikiteroak. Eta denak utzirik, ihesari lotuz, joan zen lasterka sasien azpitik basurde bat bezala. Gero lau-hazka ibiliz iratzetan, Zaroko mendixkari urbil, gordetu zen oihan hegi batian, hatsa atxeman beharrez. Hantik, hartu zien Donibaneko zitadelaren bidia. Azkenian, arrunt leherrina, lohiz betia, sartu zen Jakes Turruten etxian:

— «Ai, ei Jakes! Arrainik gabe heldu nuk! Alta banitian bi kilo segurrik... Bana jandarma debru horiek jin zaztak ondotik. Agian ez niek ezagutu!... Otoi emazkik hire etxian utzi dituztan jauntzi garbiak!»

Hortan, Gilen ixtant batez aldatu zen, eta etxetik ateratu, bonet berri bat burian, espartin xuriak oinetan. Alegia jeusez, Donibaneko plazan geldituz, pipatzen ari zen, aspaldian hor izan balitz bezala.

Hantik berehala, horra nun agertu ziren Pettan Begiluze eta Pettiri Uhartekoa:

— «Norat ari hiz hola Gilen, ezteietarat? Alaintso!... Gu bano lasterrago egin duk etxerako bidia. Bai eta hain ederki beztitzeko!... Hauxe da mutiko zalu ta ernia!»

— «Gizon sorgin urdiak!» egin zien Gilenek, «ziek zinezten beraz ur bazterrian orroaz ari?»

— «Araiz! zinezko zozoa!... To, hortxe dituk hire eskumangoak eta ere hire arrainak. Debrurik ezpaduk, sekulako afari hun bat gaur eginen diagu!»

Irriz karkailan, gure gizonak joan ziren berehala Jakesen etxerat, behar zutela igande arratsalde hori bururatu ederki.

Arraintzan zireztelarik,

Kukutuz eta ixilik,

Kasu, nunbait gordeturik,

Ez denez trufatzailerik!

Olhonce passerelle 2

Zaro Donibane Garazi. Errobi, Olhunzen, zubi ttipiaren ondoan

Partager cet article
Repost0

commentaires

P
nahi nuke jakin nun ukan duzuen eta nork ateratua zuen Donibana Garaziko "Conseil de révision 1934", potreta hori; zeren eta xerkatzen hari bainiz Baïgorriko Conseil de révision 1938-eko
potreta.
Milesker norbaitek zerbait erraiten ahal bazinuke.
Répondre
A

Ene aitaren artxiboan aurkitu dut eta ez zen besterik...